Itxi

2023. urteko memoria

Caritas Euskadik 42.241 pertsona artatu zituen iaz, 2022an baino % 22 gehiago

O. A. | EiTB Media

Leer en Castellano

Oraindik ere etxebizitza eskuratzea da Caritasek lagundu dituen pertsonen zailtasun handiena.

Pertsona bat kalean, dirua eskatzen. Artxiboko argazkia: EFE

Iaz, Caritasek 42.241 pertsona artatu zituen Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), aurreko urtean baino % 23 gehiago dira, 2022an 34.288 pertsonari lagundu baitzien. Halaber, horietatik % 55,3 emakumeak izan ziren (2022an % 56) eta % 44,7, gizonak.

Caritas Euskadik 2023. urteko memoria aurkeztu du gaur goizean egin duen prentsaurrekoan, eta bertan azpimarratu dute oraindik ere etxebizitza eskuratzea dela lagundu dieten pertsonen zailtasun handiena. Erakundeak ondorioztatu duenez, familiek etxebizitza edo gelak partekatu behar izaten dituzte, "etxebizitzen eta gelen alokairuaren prezioak altuak" direlako, horiek eskuratzeko "baldintzak gogorrak" direlako eta "erantzun publikoa eskasa" delako. 

Etxebizitza eskuratzeko zailtasunari erroldari lotutako arazoak gehitu behar zaizkio. Ildo horretan, Caritas Euskadik nabarmendu du erroldatuta egotea dela "eskubideak eta aukerak eskuratzeko giltza".

Bestalde, bizitzaren garestitzeak familien ekonomian "eragin handia" izan duela adierazi dute eta "neurri handiagoan", diru sarrera txikiak edo eskasak dituztenengan. "Caritasek artatutako pertsona askoren bizi-baldintzak gogortu egin dira eta gizarteratzeko prozesuak ere zailagoak bihurtu dira", gaineratu dute Caritas Euskaditik.

2023ko datuetatik Caritas Euskadik beste ondorio bat ere atera du, hots, pobrezia eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsona askok ongizate emozional eta buru osasun alorretan "behar handiak". Horrekin batera, elkarteak ondorioztatu du tratamenduak eskuratzeko eta baliabideetara iristeko "zailtasunak" dituztela.

Gipuzkoa izan da Caritasek pertsona gehien lagundu dituen lurraldea 2023an, 16.571, aurreko urtean baino 645 gutxiago. Bizkaian, 13.090 pertsonari eman diete laguntza (2022an baino mila gehiago) eta 12.580ri, Araban.

Erakundeak 6,8 milioi euro inguru inbertitu zituen, iaz, laguntza ekonomikoetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ez da aldaketa handirik izan azken urtean, 2022an 6,9 milioi inbertitu baitzituen.

Horretarako, Caritasek 3.500 boluntarioren laguntza izan du, gehienak % 73,2 emakumeak. Horiei guztiei eskerrak emateaz gain, justizia sozialarekin duten konpromisoa azpimarratu dute. Bizkaian 1.890 boluntariok lan egin dute, 238 berriak; Gipuzkoan, 815 pertsonak eta Araban, 627k.