UDA DENBORALDIA
Uda sasoian txakurrak Euskal Herriko hondartzetan aske ibiltzeko ordutegiak
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoa da hondartzan txakurrei betoa jartzen jarraitzen duen erkidego bakarra; izan ere, ez dago txakurrentzako hondartzarik, eta, ez dago aurreikusta araudia aldatuko duenik. Nolanahi ere, badira ordutegi zehatz batzutan sarbidea baimentzen duten hondartzak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Uda ate joka dugun honetan, Euskal Herriko hondartzetan prest daude denboraldiari hasiera emateko. Eta honekin batera, txakur jabe askoren urteroko buruhaustea. Nire txakurrarekin hondartzara joateko aukera izango al dut? Bada, batzuetan, eta ordutegi zehatzetan, bai. Beste askok, ordea, guztiz debekatzen dute ekainaren 1etik irailaren 30era animaliekin hondartzetan sartzea.
Horren aurrean txakur jabe asko kexu dira; izan ere, gainerako erkidegoetan ez bezala, Euskal Autonomia Erkidegoan ez dago txakurrentzako prestatutako hondartzarik edo antzekorik. Hondartzei eragiten dien araudia udalaren eskumenekoa da, eta udalei dagokie, erabaki hori hartzea.
Testuinguru horretan, badira udalerri batzuk, txakur jabeen hainbat eskariri erantzunez, araudoa aldatzeko pausoa eman dutenak. Zerrendara gehitzen azkena Getxo izan da, eta uda honetatik aurrera txakurrak 20:00etatik 09:30era arte egon ahal izango dute herriko bi hareatzetan. Ordura arte uda sasoian debekatuta zuten txakurrek Getxoko hondartzetara sarbidea.
Bizkaian 10 dira ordutegi zehatz eta murriztuetan txakurrak herriko hondartzetan sartzen uzten dutenak, eta, Gipuzkoan, berriz, lau: Zarautz, Orio, Mutriku eta Getari. Donostiako hiru hondartzek, Kontxak, Zurriolak eta Ondarretak, ez dute txakurrik onartzen udako ordutegian, eta Iparraldeko hondartzei erreparatuz gero, debekua erabatekoa da hondartza guztietan.
Dena dela urtez urte araudiak aldatu egiten dira, eta, hortaz, gomendagarria da hondartzetan dauden kartel ezberdinei erreparatzea, horietan zehazten baita, txakurrak baimenduta dauden, zein ordutegitan, edo solte edo uhalarekin sartu behar den.
Gauzak horrela, txakur jabe askok bestelako aukerak topatzen dituzte beren animaliarekin hondartzaz gozatzeko, inguruan dauden soroslerik gabeko eremuetara edo gertu dituzten beste erkidego batzuetara joatea, kasu. Horren adibide garbia Kantabria da; izan ere, bertan hondartza asko daude opor garaian maskotarekin sartzea ahalbidetzen dutenak.
Sonia Brena animalien babeserako APA SOS elkarteko presidenteak uste du aurrerapausoak "oso astiro" ematen ari direla Euskadin, eta hondartza guztiak eremu mugatu horietara egokitzea zaila dela onartu arren, uste du Euskadin "nahikoa hareatza" daudela "beren tamainagatik, eremuak mugatu ditzakeena".
Brenaren arabera, Jaurlaritzak "udalei gune horiek gaitzeko eskatu" beharko lieke, eta, era berean txakur jabeei eskatu die "gainerako herritarrekiko errespetua izan dezaten, elkarbizitza posible delako eta positiboa delako".