ELIZA
Beloradoko komentuko abadesa ohiak Burgosko artzapezpikua salatu du botere gehiegikeriagatik
AGENCIAS | EITB MEDIA
Gaurtik, Mario Icetak du Beloradoko, Urduñako eta Derioko monasterioak kudeatzeko ardura. Botere gehiegikeria, legezko ordezkaritza usurpatzea eta elkartzeko eskubidea urratzea leporatu dizkio abadesa ohiak.
Beloradoko eta Urduñako komentuetako moja klaratarren eta Eliza Katolikoaren arteko korapiloa areagotzen ari da. Mario Iceta Burgosko artzapezpikuak Beloradoko, Urduñako eta Derioko monasterioen gaineko boterea izango duela jakin eta biharamunean, sor Isabel Beloradoko komentuko abadesa ohiak artzapezpikua salatu du botere gehiegikeriagatik, legezko ordezkaritza usurpatzeagatik eta elkartzeko eskubidea urratzeagatik.
Jose Ceacero Beloradoko eta Urduñako moja klaratarren eleduna azaldu da gaur hedabideen aurrean, salaketaren berri ematera. Esan duenez, atzo bertan jarri zuen salaketa abadesak, Iceta 'komisario pontifizio' izendatu ostean. "Abadesari dagokion boterea hartu du bere gain Icetak, eta horregatik jarri du salaketa", zehaztu du.
Halaber, erantsi du Espainiako Konstituzioan jasota dagoen "elkartzeko" eta "borondatez banatzeko" irizpideak urratu dituela Burgosko artzapezpikuak. "Euren borondatez banandu ziren mojak Eliza Kontziliarretik maiatzaren 13an, euren legezko ordezkari bakarra den sor Isabelek izenpetutako dokumentu baten bidez", azaldu du. Egun horretan bertan agiria Icetari burufax bidez helarazi zitzaiola ere gehitu du. "Ez Icetak ez Erromak ez beste inork ezin du zuzenbide kanonikoa Konstituzioren gainetik ezarri".
Beloradoko mojak artzapezpikuarekin biltzeko asmorik duten galdetuta, ezetz erantzun du. "Ez daude horretara derrigortuta, begiruneagatik bildu daitezkeen arren. Nolanahi ere, argi esan didate ez direla ez Icetarekin eta ez beste inorekin elkartuko".
Aipatu komentuetako mojak maiatzaren 13an Eliza Kontziliarra uztea erabaki zuten, eta Pia Union Sancti Pauli Apostoli erakundeko kide izatera igaro ziren.