Protesta
Trafikoan eragina izango du Biriatun traktoreekin datorren astelehenean egingo duten protestak
EITB MEDIA
Gipuzkoarako noranzkoan merkantzien zirkulazioa debekatuko dute, asteleheneko 10:00etatik hurrengo eguneko 10:00ak arte. Horrez gain, baliteke trafikoari eragingo dioten arazo gehiago sortzea, bi noranzkoetan.
Datorren astelehenean protestara deituta daude nekazariak AP-8 autobidean, Biriatun. Oraingo honetan ere traktoreak aterako dituzte, eta merkantzien garraioa etengo dute Gipuzkoako noranzkoan, 10:00etatik aurrera, 24 orduz, astearteko 10:00ak arte. Ez dute baztertu mobilizazioa mugagabea izatea.
Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendari Estibaliz Olabarriren hitzetan, "egun korapilatsua izango da Gipuzkoako errepideetan, muga inguruan". Horregatik, protestan dabiltzan bitartean Biriatun joan-etorriak saihestea gomendatu du.
Bidegik eta Ertzaintzaren Gipuzkoako Trafiko Unitateak zirkulazioa zaintzen eta neurriak hartzen arituko dira, trafikoan ahalik eta arazo gutxien sor dadin.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak errepideetako panelen, www.trafikoa.euskadi.eus webgunearen, X sare sozialaren eta 011 telefonoaren (24 orduko arreta) bidez, trafikoaren gaineko informazioa emango du.