Memoria historikoa
1936an fusilatutako Modesto Manuel Azcona Garaicoechea arabar diputatuaren gorpuzkiak identifikatu dituzte
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Arabako Aldundiko Kudeaketa Batzordeko kidea zen, eta tropa frankistek hil zuten. Miranda de Ebroko hobitik atera zituzten Azconaren gorpuzkiak, eta hiru birlobei egindako proba genetikoei esker identifikatu dituzte.
1936an tropa frankistek fusilatutako Modesto Manuel Azcona Garaicoechea Arabako Foru Aldundiko diputatuaren gorpuzkiak identifikatu ditu Gogora Institutuak. Alesbesen (Nafarroa) jaiotakoa, Miranda de Ebron (Burgos) hobiratu zuten, Bayas hilerrian, eta bertan aurkitu zituzten haren gorpuzkiak. Hiru birlobei egindako proba genetikoei esker identifikatu dituzte, azkena 2024ko otsailean egin ostean.
Egun Nafarroan bizi den Azconaren familiarekin harremanetan dago Gogora Institutua, modu aktiboan parte hartu baitu haren gorpuzkiak bilatzeko lanetan.
1936ko irailean, Gasteizko espetxetik atera zuten Azcona, beste lau lagunekin batera, Teodoro Olarte Arabako Foru Aldundiko presidentea tartean, eta fusilatu egin zituzten. Azconak 46 urte zituen.
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia pozik agertu da haren gorpuzkiak aurkitu eta identifikatu dituztelako, eta memoria historikoa berreskuratzen ari diren erakunde eta elkarteen lana goratu du.
Frankismoaren biktimentzat "egia, erreparazioa eta justizia" aldarrikatzeko lanean jarraitzeko deia egin du, eta oraindik identifikatu gabe dauden pertsona errepresaliatuen egia osorik ezagutzeko beharra azpimarratu du.