GIPUZKOA
Zumarragako 11 adingaberen aurkako epaiketak aurrera jarraitzen du, ikaskide bati 'bullying'a egiteagatik
AGENTZIAK | EITB Media
Biktima bitan bere buruaz beste egiten saiatu zen jazarpenaren ondorioz. Fiskaltzak uste du eskolak "utzikeriaz" jokatu zuela kasuaren aurrean. Hala, arduradun zibil jo ditu gurasoak eta Eusko Jaurlaritza, zentroaren jabe den heinean.
Gaur goizean hasi da Gipuzkoako Auzitegian Zumarragako eta Urretxuko 14 eta 16 urte arteko 11 adingaberen aurkako epaiketa, bitan bere buruaz beste egiten saiatu zen ikaskide bati bullyinga edo eskola-jazarpena egitea egotzita.
Gipuzkoan inplikatutako adingabe gehien dituen bullying-kasua da: bederatzi mutil eta bi neska. Epaiketa ateak itxita egiten ari dira, adingabeen nortasuna babesteko.
Oraingoz, Fiskaltzaren behin-behineko akusazioaren idazkiaren berri eman dute. Horren arabera, bere buruaz beste egiteko saiakerak "adingabeen ekintzen eta egoera konpontzeko hezkuntza zentroak izan zuen nagikeriaren ondorio" izan ziren.
Ministerio Publikoak osotasun moralaren kontrako delitua leporatzen die bederatzi mutil eta bi neskei, eta horietako biri mehatxu delitu arinak ere egozten dizkie.
Hala eta guztiz ere, guztientzat zigor bera eskatzen du: hamabi hilabetez lan sozio-hezitzaileak egitea "leporatutako gertakarien inguruko lanketa eta gogoeta egiteko eta egindakoaren ardura bere gain hartzeko".
Fiskaltzak gurasoak ere sartu ditu akusazioan, arduradun zibil gisa, eta Eusko Jaurlaritza, arduradun zibil subsidiario gisa.
Biktima ordezkatzen duen akusazio partikularraren kasuan, hezkuntza-zentroa ere sartu du akusazioan, eta 12 hilabetetik 24 hilabetera igo du zigor-eskaera.
2021ean hasi ziren gertakariak
2021eko irailetik aurrera hasi ziren epaituko dituzten gertakariak, Ministerio Publikoaren testuaren arabera, biktimak DBHko bigarren mailako ikasketak hasi zituenean.
Hilabete batzuk geroago, 2022ko maiatzean, zentroak bullyingaren aurkako protokoloa jarri zuen indarrean, ikaslea "jazarpena" pairatzen ari zela eta. Ikaslea "bakarrik" ibiltzen omen zen, "etengabe min egiten saiatzen ari zitzaizkiolako".
Hala ere, Fiskaltzaren arabera, 2022ko irailean, hurrengo ikasturtearen hasieran, hezkuntza-zentroak ez zuen neurririk hartu "jazarpen egoera errepikatu ez zedin".
Testuinguru horretan, irainak eta bultzakadak jaso zituen ikasleak, "umiliatzeko" asmoz, eta mehatxatu ere egin zuten.
Fiskaltzaren esanetan, jazarleek "akordioa" zuten biktimaren "egunerokoa zailtzeko", "guztien aurrean jokatzen baitzuten horrela, gainerako ikaskideek gertatzen ari zena entzun eta ikus zezaten". Biktimak zentroa utzi zuen 2022ko amaieran.
Akusazio partikularraren arabera, "adingabeen eta hezkuntza-zentroaren ekintzen ondorioz", adingabea mediku tratamendua jasotzen ari da 2022ko azaroaren 10etik.
Gainera, biktima bi aldiz saiatu da bere buruaz beste egiten, 2022ko azaroan eta 2023ko otsailean, eta ospitaleratu egin behar izan zuten.