Itxi

Delituak

Bi pertsona atxilotu dituzte Irunen etxebizitza batean drogarekin trafikatzeagatik

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Ertzaintza toxikomano asko joan-etorrian ibiltzen ziren etxebizitza bat zaintzen aritu da. Azkenik, asteazkenean, 56 urteko gizona eta haren bikotekidea, 52 urteko emakumea, atxilotu zituzten, droga-trafiko delitu bat egotzita.

52 eta 56 urteko bi pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak Irunen, drogarekin trafikatzea egotzita, eta horietako bat espetxean sartu dute. Batez ere heroina eta morfina saltzen zuten atxilotuek. 

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ikerketa maiatzaren erdialdean hasi zen, Ertzaintzak jakin zuenean Irungo Pio XII.eko etxebizitza batean substantzia estupefazienteekin trafikatzen ari zirela.

Ertzaintzak zaintza-dispositibo bat ezarri zuen bikote bat bizi zen etxearen inguruan, eta agenteek egiaztatu zuten toxikomano asko ibiltzen zela han joan-etorrian, drogaren bila antza. 

Hainbat egunez zaintzapean egon ondoren, susmagarririk nagusiena, 56 urteko gizonezkoa, osasun publikoaren aurkako delituengatik aurrekariak zituen gizon bat zela egiaztatu zuten agenteek. Azkenik, asteazkenean, bikotea atxilotu zuten, dispositiboan parte hartzen ari ziren agenteak droga-pase batzuen lekuko izan ostean.

Atxilotuei, 56 urteko gizonari eta 52 urteko bikotekideari, droga-trafiko delitua leporatzen diete. Etxebizitzaren miaketan, doitasun-balantza bat, substantziak manipulatu eta saltzeko bilgarriak, heroina eta morfina zuten poltsatxo batzuk eta diru-kopuru jakin bat aurkitu zituzten. 

Polizia-eginbideak amaitu ondoren, atxilotuak Irungo Guardiako Epaitegira eraman zituzten, eta epaileak gizona espetxeratzeko eta emakumea kautelazko neurriekin aske uzteko agindu zuen.