MEMORIA HISTORIKOA
Iruñeko hilerriak desobiratutako fusilatuak hartuko dituen panteoi berria izango du urte amaieran
agentziak | eitb media
Orain arte erabilitakoaren edukiera bikoiztuko du, eta biktima mota berriak ere hartuko ditu.
Iruñeko San Jose hilerriak Gerra Zibilean eta frankismoan fusilatutako, identifikatu gabeko eta desobiratutako pertsonak biltzeko panteoi berri bat izango du urte amaieran.
Horixe jakinarazi du prentsaurreko batean Joxe Abaurrea Nafarroako hiriburuko Gobernu Estrategiko, Hirigintza, Etxebizitza eta Agenda 2030eko zinegotziak udal gobernuaren batzarraren ostean. Izan ere, panteoia egiteko lanen aurrekontuaren esleipena onartu dute gaur. Ia 300.000 euroko aurrekontua du proiektuak, eta 175.000 euro Udalak jarriko ditu, eta gainerakoa, Nafarroako Gobernuak, Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Departamentuaren bitartez.
Berritasun gisa, Nafarroako Gobernuarekin adostutakoaren arabera, biktima mota berriak sartuko dira panteoian.
Hala, bertan jasoko dira "arrastoak Nafarroako hobiren batean aurkitu eta identifikatu ostean senideei eman ezin izan direnak edo senideek horien kargu egin ezin izan ez direnak; fusilatu eta identifikatu iruindarrak, familiak hala eskatzen badu; eta Espainiako Estatuko beste hobietan aurkitu eta identifikatutakoak, familiei eman ezin izan direnak edo senideek horien kargu egin ezin izan ez direnak".