Palestina
Gurutzeta eta Donostia ospitaleek Gazako 12 haur hartuko dituzte
EITB Media
Pazienteek hainbat patologia dituzte, batez ere onkologikoak eta traumatismo larriak. Guztiak Gazako ospitale turkiarrean daude oraingoz.
Gurutzetako eta Donostiako ospitaleetan, minbizia diagnostikatuta edo Israelen erasoen ondorioz traumatismo larriak dituzten Gazako 12 haur hartuko dituzte, Espainiako Estatura iritsiko diren 29 adingabeko talde baten barruan. Tratamendu medikoen kostua Osasun Ministerioak ordainduko du.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak bilera egin du Moncloan Hans Kluge Munduko Osasun Erakundearen (MOE) Europarako zuzendariarekin, adingabe gazatarren harrera eta tratamendu medikoa koordinatzeko. Monica Garcia Osasun ministroak ere parte hartu du.
Espainiako Gobernuak jakinarazi duenez, Espainia arduratuko da 1 eta 18 urte bitarteko haur talde hori hartzeaz eta tratamendu medikoa emateaz, Munduko Osasun Erakundeak egindako eskakizunari erantzunez eta Sanchezek maiatzaren 22an Diputatuen Kongresuan hartutako konpromisoa betez.
Pedro Sanchez, Hans Kluge eta Monica Garcia Moncloan. Argazkia: EFE
Pazienteek hainbat patologia dituzte, batez ere onkologikoak eta traumatismo larriak. Guztiak ospitale turkiarrean daude gaur egun, Zerrendaren barruan. MOE arduratuko da pazienteen eta haien senideen dokumentazioa tramitatzeaz, bai eta Kairora eramateaz ere, eta, handik, Espainiara bidaiatuko dute.
Bidaia Atzerri Ministerioa koordinatzen ari da, eta datozen asteetan egin ahal izatea espero da.
Adingabe guztiei gutxienez senide edo heldu arduradun batek lagunduko die, eta Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bere gain hartuko ditu senideen eta pazienteen ostatuaren eta mantenuaren kostuak.