Zerga-iruzurra
Imanol Arias aktoreak Ogasunari iruzur egin ziola onartu du, kartzelan ez sartzeko akordioa lortuta
Agencias | EITB MEDIA
Ana Duato aktoreak, berriz, ez du akordiorik lortzeko asmorik agertu, leporatutako iruzurraren zati bat itzuli zuen arren. Fiskaltzak 32 urteko kartzela-zigorra eskatu du berarentzat.
Imanol Arias aktorea akordio batera iritsi da astearte honetan 'Nummaria' auziko Fiskaltzarekin, bost zerga-iruzur onartuta. Gauzak horrela, ez da kartzelan sartuko, bi urtetik beherako kartzela-zigorra onartu baitu.
Horrez gain, epaileak ezartzen dion isuna ordainduko du aktoreak, baina Fiskaltzarekin lortutako akordioari esker, nabarmen murriztuko diote isunaren zenbatekoa. Hala, delitu fiskaletatik eratorritako erantzukizun zibila ordainduko du laster Ariasek.
Ariasez gain, beste 30 pertsona epaitzen ari dira, horien artean Ana Duato aktorea, ustez zergak saihestu zituelako Nummaria abokatu-bulegoaren bidez. Antza denez, zergak saihesteko egitura juridiko-ekonomikoa baliatzen zuen abokatu-bulego horrek.
Duatok ez du Fiskaltzarekin akordiorik lortzeko asmorik agertu gaur, baina leporatutako iruzurraren zati bat itzuli zuen. Ministerio Publikoak, 32 urteko kartzela-zigorra eskatu du berarentzat, 2009 eta 2017 artean 1,9 milioi euroko iruzurra egin zuelakoan.
Halaber, Fiskaltzak 18 urteko kartzela-zigorra eskatu du haren senarrarentzat, Miguel Angel Bernardeau (TVEko 'Cuentame' telesailaren ekoizlea).