Unibertsitatera Sartzeko Proba
EAEko ikasleek ere ekin diete unibertsitatera sartzeko probei, Nafarroakoei lekukoa hartuta
EITB MEDIA
Goizean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 13.433 ikaslek Euskara eta Literaturaren inguruan ikasitakoa erakutsi beharko dute, baita Historiari buruz dakitena ere. Nafarroan, bigarren eguna dute, atzo hasi baitzituzten probak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 13.433 ikaslek gaur, asteazkena, ekin diete unibertsitatera sartzeko probei. Hiru egunez luzatuko dira azterketak, ostiralera arte. Nafarroan, aldiz, 4.036 ikaslek bigarren eguna dute, atzo hasi baitzituzten probak.
Unibertsitatera sartzeko azterketak 09:00etan hasi dira EAEn, eta ikasleek hainbat azterketa dituzte gaur. Goizean, Euskara eta Literaturaren inguruan ikasitakoa erakutsi beharko dute, baita Historiari buruz dakitena ere. Arratsaldean, berriz, hautazko ikasgaien inguruko azterketak egingo dituzte.
EHUk jakitera eman duenez, batxilergoko ikasleak dira gehienak (12.073), baina goi mailako heziketarekin lotutako ikasketak burutu dituztenak (849) eta nota igotzera aurkezten diren ikasleak (511) ere badaude.
EAEn azterketak egingo dituzten ikasleen kopuruari dagokionez, ez dago aldaketa handirik iazko datuekin alderatuta. Aurten, ordea, ikasle gutxi batzuk gehiagok egingo dituzte unibertsitatera sartzeko probak (% 0,2 gehiago). Emakumeek gehiengoa izaten jarraitzen dute; guztizkoaren % 57,84 dira, eta probak euskaraz egiten dituztenak ere gehiago dira (% 77,21), gaztelaniaz egiten direnen aldean. Notak hilaren 13an argitaratuko dira, 12:00etan.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, 1.762k Arabako Campusean egingo dute proba, 6.291ek Bizkaikoan eta 4.786k Gipuzkoako Campusean. Horrez gain, beste 83 ikaslek ez dute campusik esleituta.
Unibertsitateak egokitzapenak egingo ditu hezkuntza-premia bereziak dituzten 703 ikaslerentzat (iaz baino % 17,6 gehiago).
Nafarroan, azterketak atzo hasi ziren eta ostegunean amaituko dira. Probak Iruñeko NUPen eta Tuteran egin dira. Notak, berriz, ekainaren 12an emango dira.
Azken urteetan, etengabe hazi da unibertsitatera sartzeko probak egiteko izena eman duten ikasleen kopurua Foru Erkidegoan. Hala, aurten inoizko izen-emate eskaerarik altuena jaso dute, eta lehen aldiz gainditu da 4.000 ikasleko muga, duela hamarkada bateko kopurua ia bikoiztuz.
Nafarroan izena eman dutenen % 92 Batxilergoko ikasleak dira, eta % 8 erdi-mailako heziketa-zikloetakoak. EAEn bezala, Foru Erkidegoan emakumezkoak dira nagusi (59 %), eta azterketak euskaraz egiten dituztenak % 25,5.
Foru Erkidegoan zein Euskadin, azken lau urteetako azterketa eredu bera izango dute; hau da, 2020an pandemiarekin ezarri zena.
Aurtengo nobedadeak honako hauek dira: ikasleek aukeratu dezakete Espainiako Historiaren azterketa edo Filosofiaren Historiarena egin nahi duten, eta aukerako eta modalitateko irakasgaien kopurua 30 ikasgaira igoko da. Horrek, epaimahai bat gehiago eratzea ekarri du.