Bilbo
Bilboko banketxe batean 60.000 lapurtzea leporatuta atxilotutako gizona, epailearen esku
EiTB Media
Ustezko egilea, 57 urteko bilbotarra, atzo atxilotu zuten Bizkaiko hiriburuan, eta polizia etxean izan dute ordutik. Ertzaintzaren ikerketak zabalik jarraitzen du.
Apirilaren 17an Bilboko banketxe batean 60.000 euro lapurtzea egotzita atzo atxilotutako gizona epailearen aurrera eraman dute goizean.
Ustezko egilea, 57 urteko bilbotarra, atzo goizean atxilotu zuten Bizkaiko hiriburuan. Ondoren, ertzain-etxera eraman zuten beharrezko izapideak egiteko eta han izan da ordutik. Bien bitartean, Ertzaintzaren ikerketak zabalik jarraitzen du.
Atxilotuari apirilaren 17an Areilza Doktorearen kaleko (Indautxu auzoa) banketxe batean lapurreta egitea leporatzen diote.
Gizonak, ileordea eta gabardina bat jantzita eta pistola eskuan, banketxean zeuden hiru langileak kutxa gotorra irekitzera behartu zituen. Ondoren, gela batean giltzapetu zituen, eta 30.000 eurotik gora eraman.
Behin bulegotik aterata, kotxe bat geldiarazi zuen eta, pistolarekin mehatxu eginez, Basurtu alderantz eraman zezan derrigortu zuen. Autotik jaitsi aurretik, lapurrak 100 euro eman zizkion gidariari.
Lapurretaren berri izan eta berehala, Ertzaintzak gizona bilatzeari ekin zion Bilboko Udaltzaingoaren laguntzarekin. Basurtu auzoa arakatu zuten, izan ere, Basurtuko Ospitaleko komun batzuetan aurkitu zituzten lapurraren ileordea eta gabardina. Geroztik, Ertzaintzak lapurraren bila jarraitu du atzo atxilotu arte.