Itxi

Bilbo

Espetxean sartu dute Bilboko banketxe batean 60.000 euro lapurtzea leporatuta atxilotutako gizona

EiTB Media

Ustezko egilea, 57 urteko bilbotarra, atzo atxilotu zuten eta goizean utzi dute epailearen esku. Honek espetxera bidaltzea erabaki du.

Apirilaren 17an lapurreta gertatu zen Bankoa banketxearen bulegoa. EiTB Media

Epaileak espetxera bidali du apirilaren 17an Bilboko banketxe batean 60.000 euro lapurtzea egotzita atzo atxilotu zuten gizona.

Ustezko egilea, 57 urteko bilbotarra, atzo goizean atxilotu zuten Bizkaiko hiriburuan. Ondoren, ertzain-etxera eraman zuten beharrezko izapideak egiteko. Behin hauek amaituta, Bizkaiko hiriburuko Guardiako Epaitegira eraman dute eta epaileak espetxera bidaltzea erabaki du.

Atxilotuari apirilaren 17an Areilza Doktorearen kaleko (Indautxu auzoa) banketxe batean lapurreta egitea leporatzen diote.

Gizonak, ileordea eta gabardina bat jantzita eta pistola eskuan, banketxean zeuden hiru langileak kutxa gotorra irekitzera behartu zituen. Ondoren, gela batean giltzapetu zituen, eta 30.000 eurotik gora eraman.

Behin bulegotik aterata, kotxe bat geldiarazi zuen eta, pistolarekin mehatxu eginez, Basurtu alderantz eraman zezan derrigortu zuen. Autotik jaitsi aurretik, lapurrak 100 euro eman zizkion gidariari.

Lapurretaren berri izan eta berehala, Ertzaintzak gizona bilatzeari ekin zion Bilboko Udaltzaingoaren laguntzarekin. Basurtu auzoa arakatu zuten, izan ere, Basurtuko Ospitaleko komun batzuetan aurkitu zituzten lapurraren ileordea eta gabardina. Geroztik, Ertzaintzak lapurraren bila jarraitu du atzo atxilotu zuten arte.