Itxi

Gipuzkoako Auzitegia

Auzitegiko-medikuek baztertu dute Zumaiako emakumearen heriotza naturala izan zela, eta ito zutela uste dute

Agentziak | EiTB Media

Leer en Castellano

Autopsia egin zuten profesionalen ustez, "oso argigarria" da akusatuak gertakarien lekua eta biktimaren aurpegia garbitu izana; izan ere, horrek azalduko luke hildakoaren aurpegian DNArik ez topatzea.

Epaiketa Gipuzkoako Auzitegian. Argazkia: EITB Media

2020ko azaroan Zumaian hildako adineko emakumeari autopsia egin zioten auzitegiko-medikuek baztertu egin dute haren heriotza naturala izan zela, eta gertakaria asfixiaz eragindako heriotza bortitz batekin bateragarria dela adierazi dute.

Adineko emakumearen zaintzailearen aurkako epaiketa Gipuzkoako Probintzia Auzitegian egiten ari dira. Fiskaltzak 22 urteko espetxe-zigorra eskatu du harentzat, hilketa egotzita. Hala ere, hildakoaren familiak ez du haren aurkako kargurik aurkeztu orain arte.

Autopsia egin zuten auzitegiko-medikuek asteazken honetan epaimahaiaren aurrean egindako deklarazioa "funtsezkoa" izan da. Epaiketaren laugarren egunean, ukatu egin dute adineko emakumearen heriotza ustekabekoa izan zela. Gainera, ukatu egin dute 91 urteko emakumeak bere buruaz beste egin zuenik, erabateko mendekotasuna baitzuen. Defentsaren arabera, lo zegoen oheko segurtasun-barren kontra jotzean hil zen.

Profesionalek, ordea, baztertu egin dute adineko emakumearen asfixia ustekabekoa izan zenik, eta "asfixiaren bitartez" eragindako "heriotza bortitza" izan zela adierazi dute. Norbaitek, eskuekin edota objektu batekin itxi zizkion arnasbideak.

Hain zuzen ere, adineko emakumearen gorpuan topatutako hainbat zantzu aztertu ostean bermatu dute ondorio hori. Auzitegiko-medikuek "asfixiarekin" bateragarriak izan zitezkeen marka hemorragiko batzuk atzeman zituzten. Halaber, eskuekin egindako presioarekin bateragarriak diren lesio batzuk aurkitu zizkioten ahoan.

Horrez gain, aurpegian eta buruan "lesio ugari" zituela egiaztatu zuten, hala nola eskuineko begian kolpe bat, higadurak eta atzaparkada bizia belarri baten atzealdean. Gertaeraren tokian izan ziren profesionalen arabera, odol ugari zegoen etxe hartan.

Auzitegiko-medikuen ustez, gainera, "oso argigarria" da akusatuak gertakarien lekua eta biktimaren aurpegia garbitu izana; izan ere, horrek azalduko luke hildakoaren aurpegian DNArik ez topatzea.

Gaurkoan, lekuko gisa agertu dira Ertzaintzako zazpi agente, hildakoaren etxera joan zen Osakidetzako medikua eta autopsia egin zuten bi auzitegi-mediku.  
               

Albisteak (2)