Itxi

Etxebizitza

Errenteria etxebizitza eremu tentsionatu izendatzeko prozedura hasi du Jaurlaritzak

EITB Media

Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak uste du "aurrerapauso garrantzitsua" dela prozesua abiatzea, horrek "herrian etxebizitzari dagokionez bizi dugun errealitatean esku hartzeko tresna gehiago eskuratzea" ahalbidetuko duelako.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Eusko Jaurlaritzak Errenteria bizitegi-merkatuko eremu tentsionatu deklaratzeko prozedura aktibatu du, bertako Udalak egindako eskaerari erantzunez. Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako jarduneko sailburu Iñaki Arriolak sinatu duen aginduaren arabera, Espainiako Etxebizitza Eskubidearen Legeak ezarritako irizpideetan oinarrituta, Errenteriako egoera "behar bezala egiaztatuta" dago. Hala, Gipuzkoako herri hori izango da EAEn erremu tentsionatu deklaratuko duten lehendabiziko udalerria. 

Deklarazioa emateko prozesua martxan jartzen duen sinadura honek informazioa jendaurrean jartzeko epea ireki du eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratzen denetik aurrera, 20 eguneko epea irekiko da herritarrek eta erakundeek Udalak aurkeztutako dokumentazioari alegazioak aurkezteko.

Errenteria da, Euskal Etxebizitzako Behatokiak egindako diagnostikoaren arabera, eremu tentsionatu gisa identifika daitezkeen 43 udalerrietako bat, Etxebizitza Eskubidearen aldeko Estatuko Legeak ezarritako baldintzak betetzen dituztelako.

Bertako Udalak joan zen otsailean bidali zion Eusko Jaurlaritzari eremu tentsionatu izendatzeko eskaera, egoeraren diagnostikoarekin, justifikazio-memoriarekin eta hiru urterako ekintza-planaren proposamenarekin. Orduz geroztik, bi administrazioek dokumentazioa lantzen jardun dute hura osatzeko.

Errenteriaren diagnostikoak planteatzen duenez, alokairuko etxebizitzarik "ia ez dago" herrian, eta hilean 950 eurotik gorako eskaintzak egiten dira. Erregistratutako salerosketen batez besteko prezioa 200.000 eurotik gorakoa da, eta metro koadroaren batez besteko prezioa 3.000 eurotik gorakoa izan zen 2023ko lehen hiruhilekoan.

Horrez gainera, dokumentuak adierazten du udalerriko biztanleen batez besteko errenta "Donostialdekoarena eta Gipuzkoakoarena baino askoz ere txikiagoa" dela, eta etxebizitza babestuaren eskatzaile gisa izena emanda dauden familien % 75 alokairu-erregimenean daudela erregistratuta. Horien artean, gainera, "zati handi batek" diru-sarrera maila txikiak ditu eta alokairuko etxebizitza bat eskatzen du.

Memoriak dio errenta eta etxeko oinarrizko gastuak ordaintzeko ahalegin ekonomikoa % 33koa dela herrian (Etxebizitzari buruzko Estatuko Legean eremu tentsionatu izendatzeko irizpide gisa ezarritako % 30aren gainetik).

Udalerri bat etxebizitza eremu tentsionatu izendatzeak esan nahi du kontratua amaitzen zaien errentariek gehienez urtebeteko hiru luzapen egin ahal izango dituztela, indarrean dagoen kontratuaren baldintza berberetan. Errentari berrientzat, alokairuaren prezioa aurretik etxebizitza alokatu zutenen errentara mugatzen da, urteroko eguneratze-klausula batekin. Aurreko bost urteetan etxebizitza hutsik egon bada, prezioak etorkizuneko erreferentzia-prezioen indizeei erreparatu beharko die; sistema hori Euskadirako Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioak ezarri beharko du, eta edukitzaile handiek (eremu tentsionatuan hamar etxe edo gehiagoren jabeek) ere hori bete beharko dute.

Neurri horiekin batera, udalerriak bere ekintza-plana jarri beharko du abian. Administrazioen arteko edo administrazioaren eta sektore pribatuaren arteko lankidetzaren bidez eta hutsik dauden etxeak mobilizatuz, laguntza espezifikoak ezarri beharko ditu, edo alokairu- eta salmenta-prezioak murrizteko finantzaketa-neurriak ere ezarri ahalko ditu.

"Aurrerapauso garrantzitsua"

Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak uste du "aurrerapauso garrantzitsua" dela prozesua abiatzea, horrek "herrian etxebizitzari dagokionez bizi dugun errealitatean esku hartzeko tresna gehiago eskuratzea" ahalbidetuko duelako.

Halere, gehitu du, "ez dugu ahaztu behar, beharrezkoa dela erreferentzia prezio-indizea finkatzea eta horretarako ezinbestekoa dela Foru Aldundiak beharrezko datuak  Eusko Jaurlaritzaren esku jartzea".

"Esan izan dugu eta berresten dugu eskura ditugun tresna guztiak baliatuko ditugula etxebizitza eskuragarriagoa izan dadin, eta bide honek zabalduko dizkigun aukerak oso garrantzitsuak dira", erantsi du.

Bideoak (1)