Itxi

DEBA

Gipuzkoako Aldundiak 22 zehapen-espediente ireki dizkie abenduan Debako uxaldian parte hartu zuten ehiztariei

EITB MEDIA

Leer en Castellano

75 urteko emakume bat hil zen, galdutako bala baten tiroa jasota. 2/2011 Ehiza Legean oinarrituta, 6.000 eurorainoko isunak aurreikusten dira.

75 urteko emakumea hil zen eraikinaren kanpoaldea. Artxiboko argazkia: EFE

Gipuzkoako Foru Aldundiak 22 zehapen-espediente ireki dizkie abenduaren 17an Debako ehiza uxaldian parte hartu zuten ehiztariei. Izan ere, une horretan etxean zegoen 75 urteko emakume bat hil zen, galdutako bala baten tiroa jasota. Zehapen-espedienteak alegazio fasean daude oraindik, baina horietako hiru epaitegietan dira, bide penaletik jarraituko baitute aurrera.

Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatuak ostegun honetan eman du horren berri, Lurralde Oreka Berdeko Batzordean. Arrutik azaldu duenez, honako lau arau-hauste hauek izan dira nagusi kasu horietan guztietan: "Baimendu gabeko eremuan uxaldia egitea, segurtasun eremuaren barruan  ehizatzea, pertsonen osotasuna arriskuan jartzea eta uxaldi eskaeraren informazioa gertaerekin bat ez etortzea".

Ildo horretatik, 2/2011 Ehiza Legean oinarrituta, hiru mailako isunak aurreikusten dira ireki diren espedienteetan. Alde batetik, "50 eta 500 euro bitarteko arau-hauste arinak"; bestetik, "501 eta 2.000 euro bitarteko arau-hauste larriak" (urtebete eta hiru urte bitartean ehizan ibiltzeko debekua aurreikusten dutenak); eta, azkenik, "2.001 eta 6.000 euro bitarteko arau-hauste larriak" (hiru eta bost urte bitartekoa izan daiteke ehizan ibiltzeko debekua).

Arrutik azaldu duenez, Ertzaintzarekin eta Gipuzkoako Ehiza Federazioarekin elkarlanean aritu da Aldundia zehapen-espediente horiek tramitatzeko. Hala, erakundeen arteko elkarlanari esker lortu dute ehiza uxaldi horretan parte hartu zuten ehiztariak identifikatzea, baita bakoitzaren kokapena zehaztea ere.

Gainera, abenduaren 17ko ekintzarako izena-eman ez zuen ehiztari bat identifikatu dute. "Emakumearen heriotza eragin zuen tiroa zein ehiztarik jaurti zuen argitu du Ertzaintzak", esan du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. Ehiztariek denboraldiko baimena zuten, baina beste eremu batean aritu ziren ehizan.

Zehapen-espedienteez gain, Aldundiak beste neurri batzuk hartu ditu "gertatutakoa errepika ez dadin". Testuinguru horretan, ehiza eta arrantzari buruzko bisorea berritzeko lanean ari direla aurreratu du Arrutik. "Datozen ehiza denboraldiei begira, bisore horretan egunero egiten diren uxaldien inguruko informazioa herritarren esku dagoela gogoraraziko diegu Udalei", gaineratu du. Herritarrek unean uneko informazioa jaso dezakete, eta, edozein zalantza izanez gero, salaketa jar dezakete.