Itxi

ELIZA KATOLIKOA

Beloradoko mojek Guardia Zibilari deitu diote Eliza katolikoak bidalitako ordezkariak kanporatzeko

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Klaratar mojek uko egin diote aita santuaren komisarioak bidalitako segizioarekin elkartzeari. Hala ere, Burgosko Artzapezpikutzaren arabera, oraindik ere "zubiak eraikitzeko" eta "konponbide bat lortzeko bideak jorratzeko" borondateari eusten dio Eliza katolikoak.

Beloradoko mojak, Burgoseko epaitegiaren kanpoaldean. Artxiboko argazkia: EFE

Beloradoko (Burgos) eta Urduñako (Bizkaia) klaratar mojek "jazarpena" salatu dute, eta Erromako Eliza utzi ondotik, ez dute atzera egin, oraingoz. Atzo, esaterako, uko egin zioten aita santuak Beloradora bidalitako ordezkariekin elkartzeari. Are gehiago, Guardia Zibilari deitu zioten ordezkariak kanporatzeko, nahiz eta azkenean bere kabuz joan ziren. Burgosko Artzapezpikutzak "etsaitasun ekintza" gisa definitu du gertaturikoa.

Burgosko Artzapezpikutzak ohar bidez azaldu duenez, atzo, 14:00etan, aita santuaren komisarioak bidalitako segizioa Beloradoko Santa Klara monasteriora joan zen. 

Zehazki, mojekin elkarrizketa bide bat irekitzeko asmoz joan ziren komentura Sor Carmen Ruiz Arantzazuko Klaratarren Andre Mariaren Federazioko idazkaria, Don Rodrigo Saiz aita santuaren komisarioaren ahalduna eta Don Carlos Azcona Elizaren Auzitegiko notarioa.

Beloradoko abadesa ohiarekin elkarrizketa bat eskatu zuten, baina horrek uko egin zion hitz egiteari. Are gehiago, notarioa salbu, beste guztiak ez zirela ongi etorriak adierazi zuen.

Gauzak horrela, notarioa barrura gonbidatu zuten, eta beharrezko errekerimenduak egin zituen bertan, zibilak zein kanonikoak, segizioko gainerako kideak kanpoan zeuden bitartean. 

Une horretan, Guardia Zibilaren patruila bat bertaratu zen "prebentziorako eginbideak" egiteko eta erlijiosoekin hitz egiteko. Ondoren, Rodrigo Saizek bere borondatez utzi zuen monasterioa.

Gertaturikoak argi erakusten du, Burgosko Artzapepizkutzaren arabera, klaratar mojek ez dutela hitz egiteko "inolako borondaterik". Horren aurrean, Eliza katolikoaren ordezkaritzak "zubiak eraikitzeko" eta "konponbide bat lortzeko bideak jorratzeko" borondateari eusten diola erantsi du.

Albisteak (3)