Itxi

ERRALDOIEN TOPAKETA

Gaztelugatxeraino iritsi dira Kanboko, Bermeoko, Donostiako eta Deustuko 13 erraldoi

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Leer en Castellano

80-90 lagunen artean igo dituzte 20 urtetik gora eta 30 kilotik gora pisatzen dituzten erraldoiak. Zutik abiatu arren, etzanda igo behar izan zituzten eskaileren zatirik estuenetan. Gora iritsi eta erronka beteta, dantza egin dute guztiek elkarrekin.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Euskal kostaldeko txokorik berezienetakoa da, dudarik gabe, Gaztelugatxe. Bakio eta Bermeo artean, harrizko zubi batek eta 241 eskailerak lotzen ditu bi aldeak. Pirata, akelarre eta bestelako euskal kondairen lekuko, Euskal Herriko 13 erraldoiren topaleku izan da larunbat honetan toki magikoa.

Iaz Bilboko Aste Nagusian egindako topaketan botatako erronkari heldu, eta Kanboko Sukila elkarteko lau erraldoik, Bermeoko Erraldoi Konpartsako beste lau, Donostiako Irrintzi taldearen hiru eta Deustuko Ondalan Erraldoien Konpartsako bi igo dituzte pazientziaz eta auzolanean, Gaztelugatxeko Doniane baselizako atariraino; bertan, gaiteroz lagunduta, dantza egiteko.

Bermeoko Konpartsa izan da topaketaren antolatzailea, eta Joseba Batiz kideak eitb.eus-i azaldu dionez, topaketa ondo ateratzeko ezinbestekoa izan da boluntarioen laguntza. Konpartsetako kideak, lagunak, senideak... denetarik bildu ziren atzo 13 erraldoiak goraino igotzeko; izan ere. "80-90 lagun izango ginen erraldoiak igotzen. Zutik igo genituen batzuk baina zenbait tokitan, eskailerak estu dauden tokietan, etzan eta besoetan pasa genituen. Kanbokoak, adibidez, zabalak dira, oso pisutsuak, eta horiek etzanda igo behar izan genituen zenbait puntutan".

Erraldoiak mugitzea ez da lan makala; izan ere, Bermeotik lau erraldoi igo zituzten, bi bikote: arrantzalea eta emazte saregilea eta baserritar bikotea. Arrantzaleak 37 kilo pisatzen ditu, adibidez, eta baserritar emakumeak, 30. Eta pisua ez da arazo bakarra, altuera handikoak izaki, haizea baita erraldoien etsairik handiena beti, eta, logikoki, are gehiago horrelako bide batetik segurtasunez igotzeko garaian. Kontu handia behar da, gainera, erraldoiek 20 urtetik gora baitituzte.

Bigarrenez egin dute Bermeokoek balentria hau, 2016an ere igo zituztelako lau erraldoiak goraino. Donostiako Irrintzi Taldeak ere igoak zituen hainbat erraldoi Gaztelugatxera 2006an, baina Kanboko zein Deustuko Erraldoi Konpartsentzat lehen aldia izan da. Akerra eta Mari eraman zituzten atzo, hain zuzen ere, bilbotarrek.

Bizkaiko Diputazioarekin adostuta, 08:45 aldera hasi ziren igotzen erraldoiak, Gaztelugatxeko bisitariei ahalik eta traba gutxien egiteko. Taldetik kanpoko jende gutxik ikusi zuen, beraz, topaketa eder hau: gaua baselizan igarotako taldetxo batek eta baseliza San Joan jaietarako prestatzen hasita dagoen boluntario taldeak, besteak beste.

Topaketari amaiera emateko, bazkari herrikoia egin zuten, eta hurrengo erronkarik ba ote duten galdetuta, erronkarik handiena "erreleboa izatea" dela esan digu Batizek, Konpartsarako "kide berriak" aurkitzea, alegia. Horregatik, besoak zabalik hartuko dituzte erraldoien tradizioari eutsi nahi dioten gazteak.

Akerra, baselizaren atarian. Argazkia: Ondalan Erraldoi Konpartsa

Bideoak (1)