BILBO
Astelehenean "arau-haustea" izango da A etiketa duen ibilgailuarekin Bilboko Emisio Gutxiko Eremuan sartzea
O. A. | EITB MEDIA
Hala ere, "malgutasunez" arituko dira eta ez dute isunik jarriko irailaren 15era arte. Araua larunbat honetan sartu da indarrean, baina astelehenetik ostiralera duenez eragina, astelehenera arte ez da neurria martxan jarriko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Datorren astelehenetik aurrera (ekainak 17) ezingo dira Bilboko Emisio Gutxiko Eremuan (EGE) sartu ingurumen etiketarik ez duten ibilgailuak eta A etiketa dutenak —2000. urtea baino lehen matrikulatutako gasolina motorra duten ibilgailuak eta 2006. urtea baino lehen matrikulatutako diesel motorra dutenak—. Dena den, "trafiko arau-haustea" izango den arren, irailaren 15era arte ez dute zigorrik jarriko. Araua larunbat honetan sartu da indarrean, baina astelehenetik ostiralera duenez eragina, astelehenera arte ez da martxan jarriko.
Bilboko Emisio Gutxiko Eremuaren informazio kanpaina aurkezteko prentsaurrekoan Nora Abete Bilboko Udaleko alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziak azaldu zuenez, A motako ibilgailu batekin Emisio Gutxiko Eremuan sartzea "trafiko arau-haustea" izango da astelehenetik aurrera.
Edozein kasutan, Bilboko Emisio Gutxiko Eremua arautzen duen ordenantzaren arabera, isun erregimena irailaren 15era arte ez da indarrean sartuko. Bien bitartean, araua urratzen dutenei ohartarazpena egingo zaie.
Gainera, Udaletik azaldu dutenez, egokitzeko aldian "malgutasunez" arituko dira.
Bilboko Emisio Gutxiko Eremuan, Abando, Abandoibarra, Indautxu eta Zabalgunea sartuko dira, Euskalduna zubitik Bailen kalera, Autonomia kaletik Zunzunegi kalera eta Sabino Arana kaletik Euskalduna zubira.
Araudia astelehenetik ostiralera aplikatuko da, 07:00etatik 20:00etara, eta araudia betetzen ez dutenek 200 eurorainoko isunak jasoko dituzte, Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko Legean xedatutakoaren arabera.
Emisio Gutxiko Eremua pixkanaka sartuko da indarrean. Lehen urtean, A motako ibilgailuek eta ingurumen etiketarik ez dutenek bakarrik izango dute debekatuta erdigunera sartzea. 2025etik aurrera, B etiketadun ibilgailuek ere mugatuta izango dute zentrora sartzea, eta 2030erako, ECO edo C etiketa dutenek bakarrik zirkulatu eta aparkatu ahal izango dute Bilboko Emisio Gutxiko Eremuan.
Bilbon sartzeko ez da inolako bereizgarririk edo eranskailu fisikorik eraman beharko ibilgailuan; izan ere, matrikulak irakurtzeko gai diren 27 kameraren bitartez kontrolatuko dituzte Bilborako sarrera nagusiak.
Salbuespenak, luzamenduak eta egokitzapen aldia
Emisio Gutxiko Eremua ekainaren 15etik aurrera egongo da indarrean, baina zehapen-araubidea irailaren 15ean jarriko da indarrean herritarrek aldaketara egokitzeko tartea izan dezaten.
Beraien ingurumen etiketa edozein dela ere, salbuetsita geratuko dira Emisio Gutxiko Eremuan bizi diren pertsonak, larrialdietako eta funtsezko ibilgailuak, ostalariak eta merkatariak edo mugitzeko arazoak dituztenak, ibilgailu historikoak, 50 cc-tik beherako eta orduko 45 kilometroko abiaduratik behera harrapatzen dituzten ziklomotorrak eta gutxi kutsatzen duen ibilgailua erosi dutela egiaztatzen duten pertsonak.
Ordenantzak luzamendu hauek jasotzen ditu. 2029ko abenduaren 31ra arte A eta B ibilgailuentzat, garaje pribatua edo udal garajea daukaten 70 urtetik gorakoentzat, medikuaren edo albaitariaren kontsultetara eta tratamenduetara doazen pertsonentzat, jarduera eta ekitaldi berezietako ibilgailuentzat edo txandakako aparkalekuren batera doazenentzat (kasu honetan ez zaie A ibilgailuei aplikatuko), besteak beste.
A ibilgailuentzat 2025eko abenduaren 31ra arte eta B ibilgailuentzat 2029ko abenduaren 31ra arte, salbuetsita egongo dira ondorengo kolektiboak: araua indarrean jarri ondoren EGEan erroldatuta dauden egoiliarrak, EGEan bizi direnen TAO txartela daukatenak, EGEan garajea daukatenak, udal aparkalekua daukaten egoiliarrak, zamalanetarako baimendutako ibilgailuak, etxe-aldaketako ibilgailuak, eskola-garraioko ibilgailuak eta enpresa-ibilgailuak, taxiak eta VTC zerbitzuak, autoeskoletakoak, sendagaiak garraiatzekoak (3,5 tona artekoak), EGEan dauden merkataritzako edo ostalaritza-lokaletako ibilgailuak, zerbitzu turistikoen garraio kolektiboa, merkatarien eta ostalaritzako ibilgailuak, eguneko zentroek eta ikastetxeek gonbidatutako pertsonak aldi baterako mugikortasun urria badute, EGEan dauden lantegi edo kontzesionarioetara doazen ibilgailuak eta hoteletako bezeroak.
Informazio kanpaina
Bestalde, Bilboko Udalak informazio kanpaina bat abiatuko du ekainaren 15ean araudiaren xehetasunak, salbuespenak eta luzamenduak zeintzuk diren azaltzeko. Horrez gain, herritarren zalantzak argitzeko hiru bide jarriko ditu: herritarren arretarako bulegoa (Erripa kalea, 7), telefono zenbakia (94 644 54 12) eta APPa (ZBE Bilbao).
Erripa kaleko bulegoa astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, 08:30etik 18:30era. 94 644 54 12 telefonoaren bidez eta laster bilbao.eus/zbe webgunearen bidez ere lortu ahal izango da arauari buruzko informazioa. Halaber, ZBE Bilbao EGE aplikazioaren bidez tramite ugari egin ahal izango dira.