'Gau Zuria'
Bilbok hainbat ikuskizunekin ospatuko du bere sorreraren urteurrena asteburu honetan
EITB MEDIA
Aurten, argi eta musika ikuskizunak berreskuratuko dira, Arriaga Antzokiaren fatxadan eta Eleiz Museoko klaustroan soinuarekin lagundutako irudien proiekzioak eginez. Bilbok, 724. urteurrena ospatuko du.
Bilbok bere sorreraren 724. urteurrena ospatuko du larunbat honetan, ekainak 15. Horretarako, Udalak 33 emanaldi artistiko eta hainbat ikuskizun ibiltari biltzen dituen egitarau zabala prestatu du, tokiko, estatuko zein nazioarteko sortzaileen proposamenekin. Ostiral eta larunbat arratsaldean gauzatuko diren jarduera horiek 'Gau Zuria' dinamikaren parte izango dira.
Aurten, argi eta musika ikuskizunak berreskuratuko dira, Arriaga Antzokiaren fatxadan eta Eleiz Museoko klaustroan hainbat 'mapping' (soinuarekin lagundutako irudien proiekzioak) eginez.
Era berean, hainbat kultura-gune irekiko dira aldi berean (Arriaga Antzokia, Arte Ederren Museoa, Azkuna Zentroa, Euskalduna Jauregia, Eleiz Museoa eta Itsasmuseum, besteak beste), eta modu berezian dekoratuko dira hiri-paisaiaren eguneroko espazioak, elizak, plazak, parkeak, kaiak edo zubiak.
Berrikuntza modura, Bilborock Aretoa eta BilbaoArteko "Uribitarte 40" erakusketa areto berria gehituko zaizkio ibilbideari. Gainera, hiriko auzoek ere protagonismo berezia izango dute edizio honetan; besteak beste, Atxuri, Alde Zaharra, Bilbo Zaharra, Indautxu eta Abandoko emanaldi artistikoekin.
Larunbatean, alegia, Bilboko sorreraren urteurrenean (1300. urtean sortu zen), Bilboko bandera igoko da Ernesto Erkoreka Plazako erdiko lorategietan, Juan Mari Aburto alkatea buru dela, udalbatzako ordezkariekin batera.
Ondoren, Plaza Biribilean, Diego jaunaren omenez herritarren lore-eskaintza egingo dute agintariek, dantzari eta txistulariekin batera, erromeriaz gozatzeko.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak nabarmendu du honakoa kultura herritarrei hurbiltzeko proposamena dela. "Bilbo galaz, sormenez eta teknologiaz jantziko da, hain adierazgarria den egun honetan hiri-paisaiak eraldatuko dituen edertasuna topatuko dugu", adierazi du alkateak.
'Gau Zuria'ren programan soinu-eskulturak, instalazio interaktiboak, parte-hartzaileak eta murgiltzaileak, musika, antzerkia, dantza eta formatu handiko jokoak aurki daitezke. Gainera, Bilboko hainbat espaziotan zehar ibiliko diren bi ikuskizun ibiltari egingo dira.