ERASOA
Donostian futbol partida batean arbitro bati egindako erasoa ikertzen jarraitzen du Ertzaintzak
EITB MEDIA
Federatu gabeko jokalarien arteko lehiaketa baten amaieran eraso zioten, Bidebieta auzoan. Ertzaintzak ustezko erasotzailea identifikatu zuen, baina, oraingoz, ez du atxilotu.
Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du Donostian federatu gabeko jokalarien arteko futbol-partida batean arbitro gisa aritzen zen gizon bati egindako erasoa. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak igande honetan jakinarazi duenez, gizonari arma zuriz eraso zioten.
Atzo izan zen erasoa, 20:00ak inguruan, Serapio Mujika pasealekuan dagoen kirolgune batean. Federatu gabeko jokalarien arteko futbol lehiaketa batean arbitro lanak egin ostean eraso zion bizkarretik gizonezko batek labanaz. Donostia Ospitalera eraman zuten zaurituta.
Ertzaintzak ustezko erasotzailea identifikatu du, baina, oraingoz, ez du atxilotu. Ikerketa zabaldu du haren kontra, lesio delituak egotzita.