Itxi

GIPUZKOA

Zerainen Idiazabal gazta egiten zuten senar-emazteak atxilotu dituzte, langileak esplotatzea egotzita

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Gipuzkoko Foru Aldundiak adierazi duenez, "horrelako egoerak erabat justifikaezinak dira, eta, oro har, ez dute gaztaren sektorearen errealitatea ordezten, ezta lehen sektorearena ere".

'Aranburu' gaztandegia. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia

Zerainen bi lagun, senar-emazteak atxilotu ditu Espainiako Poliziak langileen aurkako delitua egotzita. Paperik eta kontraturik ez zuten lau etorkin, astelehenetik ostiralera beraien esanetara lanean ari zirela azaldu du Barne ministerioak.

Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak adierazi duenez, "horrelako egoerak erabat justifikaezinak dira, eta, oro har, ez dute gaztaren sektorearen errealitatea ordezten, ezta lehen sektorearena ere".

Ohar berean Felix Ajuria Idiazabal Gazta Jatorriaren presidenteak adierazi duenez, "sektorearen iraunkortasunaren defentsak, lan-baldintza duin eta legalak barne hartzen ditu, bai abeltzainen eta gaztandegien titularrentzat, bai bertako langileentzat ere".

Idiazabalgo gazta egiten den Zeraingo baserri bat ikertzeko eskatu zioten Lan Ikuskaritzak eta Gipuzkako Gizarte Segurantzak Espainiako poliziari maiatzean artaldea zaintzen ari ziren langileak egoera irregularrean zirela uste zutelako.

Ikerketa amaituta, baserriko jabeak, senar-emazteak, atxilotu ditu Espainako poliziak ekainaren 5ean langileen eskubideen aurkako delitua leporatuta.

Espainiako Poliziaren ikerketak ondorioztatu du artaldea zaintzeaz arduratzen ziren lau pertsonek ez zutela lan kontraturik, horietako hiruk ez zutela paperik eta, lan-baldintzei dagokienez, astelehenetik igandera atsedena hartzeko aukerarik gabe aritzen zirela, hilabetean 300 edo 400 euroren truke.