Arkeologia
Duela 150.000 urteko giza arrastoak aurkitu dituzte Bizkaian
EITB Media
EHUko lantalde batek El Polvorín Karrantzako leizean aurkitutako giza hondar batzuk aztertu ditu, eta "Andere" izendatu duten emakume neandertal batenak izan litezkeela ondorioztatu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
El Polvorin Karrantzako leizeko behe zulobidean 2021ean eta 2022an aurkitutako giza arrastoak duela 150.000 urteko neandertalei dagozkie, hainbat jakintza alorretan zaildutako lantalde internazional bateko adituek, Euskal Herriko Unibertsitateak gidatuta, ondorioztatu duenez.
Inoiz Bizkaian aurkitutako gorpuzki zaharrenak dira ikergai dituztenak, eta "baliteke Lezetxikiko humeroa, Euskal Herrian inoiz aurkitutako giza hondar zaharrena, bezain zaharra izatea, edo gehiago". Hezur hori Jose Migel Barandiaranek eta Jesus Altunak topatu zuten, Arrasateko kobazuloan, 1964an, eta 164.000 urte ditu gutxienez.
El Polvoringo I zenbakiko leizeari dagokionez, 18 hezur zati aurkitu dituzte bertan, 2021eko eta 2022ko kanpainetan, eta "pertsona heldu nahiko argal batean, seguru asko emakume baten, garezurrekoak" dira denak. "Andere" izena jarri diote horregatik.
El Polvorín kobazulorako sarrera. Argazkia: Javier Trueba (Madrid Scientific Films)
"Andere"ren ezaugarri morfologikoak "bat datoz neandertalen leinukoekin, baina erradioak (besaurreko hezurra) morfologia arkaikoagoa agertzen du, Hezurren Leizean (Atapuerca) aurkitutako aurreneandertalenaren antzekoa", Arkeologia Museotik azaldu dutenez. Horregatik, ikertzen jarraituko dute antzinatasuna hobeto zehazte aldera.
Neandertalak talde ehiztari-biltzailea izan ziren, eta Europan eta Asia mendebaldean bizi izan ziren duela 200.000 eta duela 40.000 urte artean, desagertu ziren arte.
El Polvorinen aurkitutako hezurretako bat. Argazkia: Javier Trueba (Madrid Scientific Films)
Asier Gómez OIivencia Euskal Herriko Unibertsitateko Geologia Saileko ikertzaileak gidatu du lantaldea.