Itxi

Abuztuak 10-17

Esne Beltza, Nøgen, Nil Moliner eta Tina Turnerren aldeko omenaldia, Saguesen Aste Nagusian

EITB Media

Leer en Castellano

Abuztuaren 10etik 17ra egingo dituzte kontzertuak, 23:45ean hasita. Amparanoia & Los Artistas del Gremio; Ben Yart, Kiliki Frexko eta Bravaren showcasea; Los Zigarros; eta La La Love You ere arituko dira.  

Nøgen taldeak abuztuaren 15ean joko du Saguesen

Aste Nagusian Saguesko agertokiak hartuko dituen kontzertuen egitaraua aurkeztu du gaur Donostiako Udalak, "bertako hainbat artista esanguratsu, Estatuko rock eta pop taldeak eta DJ ikuskizun eta tributu handi bat uztartuko dituen programa zabala", Jon Insausti Kultura zinegotziaren hitzetan.

Abuztuaren 10etik 17ra bitartean izango dira kontzertuak, guztiak ere 23:45ean hasita.

Lehen gauean, Amparanoia espainiar musikaria arituko da, Artistas del Gremio Zaragozako txarangak lagunduta, eta Esne Beltzak hartuko die lekukoa biharamunean, igandearekin, taldea 17 urteko ibilbidea ixteko egiten ari den biraren barruan.

Astelehenean, abuztuak 12, Ben Yart eta Kiliki Frexko Chill Mafia kolektiboko kideek eta Brava artistak DJ saioa eskainiko dute, eta asteazkenean, Nil Moliner musikari katalanaren txanda iritsiko da.

Tina Turner abeslari mitikoa iaz hil zen, baina abuztuaren 14an haren musika biziberrituko du Totally Tina! ikuskizunak Saguesko agertokian. Besteak beste, "Simply The Best", "Private Dancer" eta "What's Love got to do with it?" izango dira entzungai bertan.

Nøgen taldearen gaua izango da abuztuaren 15ekoa. Etxean jokatuko du popa eta folka nahasten dituen taldeak, Åben cirkel diskoko eta bere aurreko lanetako kantuak aurkezteko.

Azken kontzertuak, bestalde, Los Zigarros rock-and-roll klasikoko valentziar taldeak eta La La Love You madrildar pop taldeak eskainiko dituzte.