Itxi

Ordenantza berria

Eudelen ordenantza berria: EAEn etxeko animalia bat baduzu jakin beharreko guztia

Agentziak | EiTB Media

Leer en Castellano

Euskadiko Udalen Elkartearen etxeko animalien inguruko ordenantza berriak 100.000 eurorainoko isunak aurreikusten ditu arau-hauste oso larrien kasuan. Halaber, aurrerantzean udalak izango dira katu komunitarioen populazioa kontrolatzeko arduradunak.

Gizon bat txakurrarekin paseatzen. Egile eskubiderik gabeko irudia

Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak etxeko animalien ordenantza berria landu du, eta 100.000 eurorainoko isunak aurreikusten ditu arau-hauste oso larrien kasuan. Halaber, aurrerantzean udalak izango dira katu komunitarioen populazioa kontrolatzeko arduradunak. 

Ordenantza berria Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalek osatutako talde tekniko baten urte eta erdiko lanaren ondorioa da. Eudelen baliabide guztiak bezala, ordenantza horrek gomendio izaera du eta udalerri bakoitzaren errealitatera egokitu ahal izango da. 

Euskadiko Udalen Elkarteak ohar bidez jakinarazi duenez, ordenantzak etxeko animaliak (batez ere txakurrak, katuak eta hudoak), animalia laguntzaileak (artzain txakurrak, erreskatekoak…), exotikoak eta arriskutsuak izan daitezkeen animaliak izateko baldintzak jasoko ditu.

Isunak 100 euro (arau-hauste arinen kasuan) eta 100.000 euro (arau-hauste oso larrien kasuan) bitartekoak izan daitezke. Adibidez, arau-hauste oso larria izango da tratu txarrak ematea, mutilatzea, albaitariaren kontrolik gabe hiltzea edo esterilizatzea, animalia etengabe lotuta edukitzea, zigor lepokoak erabiltzea, alkohola, drogak edo botikak ematea edo, erasoren bat gertatuz gero, albaitariaren behaketaren pean jartzeko betebeharra ez betetzea.

Udalek izango dituzten eskumen berrien artean, nabarmentzekoak dira katu koloniak kudeatzea eta katu komunitarioak kontrolatzea, CER metodoa erabiliz (harrapaketa, esterilizazioa, markaketa eta itzulera). Halaber, tokian-tokian, katu komunitarioen udal errolda sortuko da, eta udalak onartutako katu koloniak inskribatuko dira. 

Bizikidetza arduratsuari lotuta, etxeko animaliek debekatuta izango dute parkeetan eta kirol anitzeko pistetan sartzea eta egotea. Horrez gain, ezingo dute iturri apaingarrietan bainurik hartu eta giza kontsumorako iturrietatik zuzenean ura edan.

Halaber, udal bakoitzak zehaztuko ditu txakurrak aske egon daitezkeen ordutegiak eta eremuak. Ezingo dute sartu elikagaien salmentarako establezimenduetan, ikuskizun publikoen guneetan, igerilekuetan edo osasun zentroetan.

Osasun publikoari dagokionez, jabeek ezingo dituzte animalien gorpuak beren kontura desagerrarazi, ezta zaborrontzietan utzi ere. Udala edo animalia batzeko hautatutako enpresa jabearekin jarriko da harremanetan, eta hark hartuko du kostuaren ardura. Ildo berean, debekatuta egongo da animaliei janaria uztea eremu publikoan, udalak onartutako katu kolonien kasuan izan ezik, baina horretarako ardura duten pertsonek bakarrik egin ahalko dute.