Aurkikuntza
K.o. I. mendeko aldare bat aurkitu dute Larunben, Larrahe jainko baskoiari eskainitakoa
eitb media
Latinez idatzitako eta Valeria Vitellak sinatutako testu bat du aldareak. Erromatar garaian ere jainko indigena baskoiak gurtzen zituztela erakusten du piezak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek gidatutako zientzialari talde batek K.o. I. mendeko aldare bat aurkitu zuen 2022an Larunben, Erromatar garaikoa. Larrahe jainko baskoiari eskainitako aldarea da, Valeria Vitella delako batek sinatua eta latinez idatzitako testua duena. Aranzadiren arabera, garrantzi "aparta" du EHUrekin, Bartzelonako Unibertsitatearekin, Burgosko Unibertsitatearekin eta Paueko Unibertsitatearekin elkarlanean egindako aurkikuntzak.
Aranzadik 2010etik koordinatzen du, auzolanean, 50 boluntariok osatzen duten arkeologia taldea, Arriaundi mendian (942 m) dagoen Doneztebeko XI. mendeko monasterioaren arrastoen bila.
Larraheren omenezko aldarea. Argazkia: Aranzadi
Monasterioa eraiki baino 1.000 urte lehenago
Monasterioko lanek, baina, aurkikuntza are handiago bat ekarri dute gerora; izan ere, ezustean, monasterioa eraiki baino 1.000 urte lehenagoko pieza bat aurkitu zuten lurpean 2022ko udan: K.o. I. mendeko aldare bat, latinez idatzia eta jainko baskoi bati eskainia. Hala ere, monasterioaren azpian eta behera begira aurkitu zutenez, ez dakite bertan jaurti zuten edo nahita utzi zuten.
Arriaundiko aztarnategian erromatar garaiko objektuak aurkitu izan dituzte, hala nola zeramika eta sandalia zatiak, eta txanponak, baina aldarearen aurkikuntzak argitu du baskoien sineskeriei buruz zegoen informazioa, Larrahe jainkoaren eragin eremua, eta erromatar garaian baskoiek zituzten sinesmenak, zientzia elkartearen arabera.
Harriz eginak dira erromatar garaiko aldareak. Erdian dute gorputza, eta hor idazten da nori eskainitakoa den. Gainaldean koroa jartzen zen, eta focus izeneko zuloa zuen. Focus horretan egiten ziren sakrifizioak, eta hortik isurtzen zen ardoa edo erretzen zen intsentsua.
Aldare honen kasuan, Valeria Vitella emakumearena da eskaintza, Larrahe izeneko jainko baskoiari zuzendua.
Emakumezko edo gizonezko jainko horren lekukotza gehiago aurkitu dituzte beste hiru lekutan, baskoien eremuan: Mendigorrian, Iruxon eta Errezun. Larunbekoa da iparraldeen eta altuen aurkitu duten erreferentzia, eta azterketa arkeologiko baten baitan topatutako lehena da. Jainkoaren eragina orain arte uste zena baino zabalagoa dela erakusten du aurkikuntzak.
Doneztebeko monasterioaren arrastoak. Argazkia: EFE
Aurkikuntzaren garrantzia baskoierarentzat
"Agerian dago jainko baskoia dela, amaiera, he hori, baskoiaren datiboa dela pentsa genezakeelako, hau da, nori dagoen eskainia markatzen duelako: Larrako jainkoari. Izen baskonikoak, egungo euskararekin lotuak, lurrarekin eta nekazaritzarekin zerikusia duen jainko bat dela pentsatzera eramaten gaitu", azaldu du Aranzadik.
Larunbeko aldareak iparrerago kokatzen ditu jainkoa bera eta baskoiera; izan ere, baskoien eta ziurrenik barduliarrak ziren bizilagunen arteko mugan kokatzen da aurkikuntza. "Aldareak baskoien lurraldearen mugei buruzko informazio gehiago ematen du, eta ekarpena egiten du baskoieraren eta euskararen jatorriaz eta eboluzioaz", gehitu du zientzia elkarteak.
Doneztebe monasterioaren arrastoak, Arriaundin. Argazkia: Aranzadi
Larunbeko San Bizente elizan egin dute aurkikuntza aurkezteko ekitaldi instituzionala, eta, besteak beste, hauek egon dira bertan: Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea; Ana Ollo Memoria, Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilaria; Floria Pistono Itzako alkatea; Jokin Otamendi Aranzadiko presidentea; Juantxo Agirre Mauleon Aranzadiko idazkari nagusi eta Larunbeko ustiategiaren zuzendaria; eta Javier Velaza Bartzelonako Unibertsitateko Epigrafia Latinoko katedraduna.
Larunbeko aldareari eta Arriaundiko aztarnategiari buruzko bi monografiko, aurkikuntzari buruzko dokumental bat eta Iker Uribek Larraheri eskainitako horma-irudia ere aurkeztu dituzte ekitaldian.
Aranzadik irailera arte iraungo duen udako indusketa arkeologikoen denboraldiari eman dio hasiera gaurko ekitaldiarekin. Bestalde, Irulegiko eskuarekin lotutako bisita gidatuak iragarri ditu Irulegiko aztarnategian bertan.