Trafikoa
Ordu eta erdi egon da itxita GI-627 errepidea Bergaran, hiru pertsona zauritu diren istripu baten ondorioz
EITB MEDIA
Bi emakume eta gizon bat ospitalera eraman dituzte. Istripua 14:20an gertatu da.
Hiru lagun zauritu dira GI-627 errepidean, Bergara parean, bi autoren artean jazo den istripu batean.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 14:20an gertatu da ezbeharra. Errepide horretan, bi autok elkar jo dute, eta hiru bidaiariak (bi emakume eta gizon bat) anbulantzian eraman dituzte ospitalera.
Istripuaren ondorioz, GI-627 errepidea ia ordu eta erdi egon da itxita, bi noranzkoetan, eta auto ilarak sortu dira.