Itxi

Bizkaia

15 urteko mutil baten heriotza ikertzen ari da Ertzaintza Sopelan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Gatzarriñe kaleko goi-tentsioko dorre batean igota zegoela, dirudienez, elektrokutatu eta erori egin da. Gaztearen gorpuari autopsia egingo diote, heriotzaren nondik norakoak argitzeko.

Tentsio altuko dorrea Sopelan. Argazkia: EITB MEDIA

Bart Sopelan 15 urteko mutil bat hil ondoren, heriotza hori argitzeko ikerketa abiatu du Ertzaintzak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Dena dela, ez dute gertakariaren xehetasun gehiagorik eman.

Sopeloztarra Larrabasterrako Gatzarriñe kaleko goi-tentsioko dorre batean igota zegoela, dirudienez, elektrokutatu eta erori egin da.

Gertaera larunbateko 21:30 aldera jazo da, eta mutikoa lagun batekin zegoen ezbeharra gertatu denean.

Jazotakoa argitzeko, autopsia egingo diote gorpuari.

Aviso persona caída en zona de montaña, #Sopela, posible electrocución #Bomberos en camino
Sopelako mendian jausitako pertsona bat laguntzeko #Suhiltzaileak bidean

Sopelako Udalak doluminak helarazi dizkio gaztearen familiari

Sopelako Udalak "tristura eta mina" helarazi dizkie bart istripu batean hildako mutilaren familiari eta gertukoei. Sare sozialetan argitaratutako ohar batean, Udalak doluminak eman dizkie hildakoaren senide eta lagunei.

Era berean, igande honetan udalerrian egin duten Kosta Trail proba abiatu aurretik minutu bateko isilunea egin dela jakinarazi du, eta kirol ekitaldiko musika moztea erabaki dela antolatzaileekin batera. Gainera, sariak modu intimo batean banatu dira, "senideen eta sopeloztarren minarekiko errespetuaren erakusgarri".

Sopelako Udalak hildakoaren familiari behar den guztian laguntzeko konpromisoa agertu du.