Indarkeria matxista
Aske geratu da sexu erasoa egitea egotzita Bilbon atxilotutako 21 urteko fisioterapeuta
EITB MEDIA
Gizonezkoa atzo arratsaldean igaro zen epailearen aurretik, eta horrek libre uztea ebatzi zuen. Dena dela, ez dute jakinarazi kautelazko neurriren bat ezarri ote zioten. Erasoa kontsulta batean gertatu zen, biktimak belaunean zuen lesio bat artatzera joan zenean.
Bilboko Guardiako epaileak aske utzi du astelehenean sexu erasoa egotzita Bilbon atxilotutako 21 urteko fisioterapeuta. Libre bai, baina ez dute zehaztu haren kontrako kautelazko neurririk hartu ote duten.
Atxilotutako gizonezkoa arratsaldean igaro zen epailearen aurretik. Goizean, 11:00ak aldera, hartu zuten atxilo, emakume batek haren kontrako salaketa aurkeztu eta gero.
Emakumeak salatu zuenez, gizonak kontsultan egin zion eraso, belauneko lesio bat artatzera joan ostean. Hori dela eta, salaketa jarri zuen Ertzaintzan, mediku-laguntza jaso ondoren.