Polizia operazioa
Egoera irregularrean zeuden etorkinak erregularizatzen zituen sare bat desegin dute Nafarroan eta Errioxan
Agentziak | EiTB Media
'Charco' izena jarri dioten polizia operazioan 17 pertsona atxilotu dituzte, legez kontrako immigrazioa eta dokumentuak faltsutzea leporatuta. Halaber, delitu horiengatik beste pertsona bat ikertzen ari dira.
Polizia Nazionalak egoera irregularrean zeuden etorkinei egoitza baimena lortzen laguntzen zien enpresa sare bat desegin du Nafarroan eta Errioxan. Charco izena jarri dioten polizia operazioaren baitan 17 pertsona atxilotu dituzte, legez kontrako immigrazioa eta dokumentuak faltsutzea leporatuta. Halaber, delitu horiengatik beste pertsona bat ikertzen ari dira eta ez da baztertzen pertsona gehiago atxilotzea.
Hedabideetara bidalitako ohar batean Polizia Nazionalak jakinarazi duenez, errioxar bat buru zuen enpresa sare baten bitartez lan kontratu bat eta egoitza baimena lortzen zuten marokoar jatorriko hiritarrek.
Aipaturiko enpresak egoitza baimen eskari ugari eginak zituela eta, 2023an abiatu zuen Polizia Nazionalak ikerketa. Ildo horretan, Nafarroako Erriberara joan ziren, bertan bizi baitziren onuradun horietako asko, kontratu horien egiazkotasuna ziurtatzeko.
Lan kontratuen truke 10.000 eta 14.000 euro bitartean ordaintzen zituztela adierazi zieten agenteei, eta, ondorioz, enpresaburua ikertzen hasi ziren.
Gainera, ustez sarean parte hartzen zuten beste hiru enpresaburu eta beste hainbat kide identifikatu zituzten. Azken horiek lan kontratu bat lortu nahi zuten marokoarrak aurkitzeko eginkizuna zuten.
Lan kontratu horiek, ordea, ez ziren benetakoak, ez baitzegoen lan harremanik enpresaren eta itxurazko langileen artean. Behin lan kontratu faltsua eskuan zutela, bizileku baimena eskatzen zuten atzerritarren bulego ezberdinetan (Logroño, Burgos, Donostia edo Bilbo), "susmorik ez pizteko".
Lehen unean, biktima ziren horiek 2.000 euro inguru ordaindu behar zituzten, eta gainerako zenbatekoa behin egoitza baimena lortutakoan.