Osasuna
"Plant-based" elikagaien merkatua goranzko bidean
A. S. | EITB MEDIA
Azken urteotan gora egin du landare-lehengaiak dituzten produkten kontsumoak, baina joera nahiko berria denez, oraindik zalantza asko daude elikagai horien inguruan: benetan hobeak al dira osasunarentzat eta ingurumenerako?
"Plant-based" elikagaiak gizartean guztiz errotuta daude. Osasuna eta ingurumenarekiko kezka handiagoa dagoenez, landare-jatorriko elikagaien kontsumoa hazten doa etengabe. Hala jasotzen du Vegetales elkarteak egindako azken ikerketak, eta nabarmentzen du Espainiako Estatuko biztanleriaren % 59k landare-jatorriko elikagaiak eta edariak kontsumitzen dituela, osasungarriagoak direlakoan. Gainera, herritarren herenak egunero kontsumitzen ditu.
Moda bezala hasi zena, merkatu eta kontsumo eredu berri bilakatu da, eta supermerkatuetan eskaintza izugarri handitzen ari da azken boladan. Landareetatik eratorritako produktu andana topa ditzakegu gaur gaurkoz supermerkatuan, eta gehien kontsumitzen diren produktuen artean, edari begetalak, jogurtak eta izozkiak eta hanburgesa beganoak daude. Hala ere, igoera handiena izaten ari den sektorea itsasoko produktuen ordezkoena da. Arrain begetalak? Badirudi baietz.
EITB MEDIA
Kontsumitzaile askoren arabera, produktu begano horiek osasungarriak eta ingurumenarekiko errespetuzkoagoak dira. Dena dela, badira kontrakoa pentsatzen dutenak ere, tartean, Garbiñe Aizpuru nutrizionista. Horren arabera, animalia-jatorriko elikagaiak imitatzen dituzten produktu begano horietako asko, tartean arrainekin loturikoak, produktu ultraprozesatuen parte dira, eta, hortaz, ez dira batere osasungarriak.
Testuinguru horretan azpimarratu du oso garrantzitsua dela etiketa ondo irakurtzea, eta osagaiei ondo erreparatzea. Are gehiago, ohartarazi du bost osagaitik gora dituzten elkagaiekin kontuz ibiltzeko, normalean zerrenda luzea duten produktu horietan osasuntsuak ez diren osagaiak topatuko ditugulako.
Kontsumitzaileen elkarte asko ere hasi dira elkagai horien aurka mobilizatzen. Hala, Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasunak (EKB) bat egin du duela egun gutxi itsasoko produktuen sektoreko erakundeekin, 'plant- based' produktu prozesatuen etiketa engainagarriez kezkaturik.
Produktu batzuen etiketetan agertzen den informazioa eskasa dela uste dute, eta kontsumitzailearentzako elikadura-informazio egiazkoa, osoa eta zorrotza babesten dute, baita sektore ekonomikoen arteko merkataritza-jardunbide leialak ere.