etxe turistikoak
Bartzelonako Udalak 2028ko azarorako pisu turistiko guztiak kentzeko proposamena egin du
EITB Media
Bartzelonako Udaleko arduradunek esan dutenez, etxebizitza turistiko gehienak ohiko bizileku gisa erabiltzea da asmoa, eta horrela, hiriko etxebizitza-parkea handitzea.
2028ko azarorako Bartzelonako etxe turistiko guztiak kentzea nahi bertako Udalak. Hala azaldu du Jaume Collboni alkate sozialistak, Laia Bonet eta Jordi Valls alkateordeekin batera, gaur eskaini duen prentsaurrekoan. Azken datuen arabera, 10.100 etxebizitza inguru daude egun Kataluniako hiriburuan.
Sozialistek zehaztu dute Udal Gobernuak etxebizitza turistiko gehienak bizileku gisa erabiltzeko borondatea duela, horrela, hiriko etxebizitza-parkea handitzeko. Helburua, Collboniren hitzetan, "2029tik aurrera, etxe turistikoaren irudia desagerraraztea" da.
Ezbairik gabe, neurri drastikoa izango litzateke Bartzelona hirian turismoarekin duten arazoari aurre egiteko.
Halaber, etxebizitza berrien araudia aldatzea ere proposatuko du PSCk zuzentzen duen udal-taldeak; besteak beste, aurrerantzean eraikiko diren etxebizitza-promozio berrien % 30 pisu sozialak izatea nahi dute.
Gaur iragarritako neurriokin, etxebizitza-parkea handitzeaz gain, prezioen etengabeko gorakadari muga jarri nahi zaio.