Itxi

Kirol egokitua

Itziar Gonzalez, ikusmen desgaitasun larria izanda, Eivissatik Formenterara igerian egin duen aurrenekoa

EITB Media

Leer en Castellano

Larunbat honetan osatu du igerilari gipuzkoarrak 14 kilometroko distantzia, Iñaki Arrillaga eta Javi Juantegi Donostiako Sp3 Swim igeri-taldeko kideen laguntzaz. Hilabeteak zeramatzan egun honekin amesten eta gogor entrenatzen. Gaur, azkenean, lepotik zintzilikatu du merezitako domina.

Itziar Gonzalez, Iñaki Arrillaga eta Javi Juantegirekin, Formenteran.

Itziar Gonzalez 50 urteko igerilari gipuzkoarrak Eivissatik Formenterarako distantzia igerian egin du gaur, eta bete egin du duela hilabete batzuk bere buruari ezarritako erronka. Gonzalez ez da tarte hori igerian egin duen lehenengo pertsona; bai, ordea, ikusmen desgaitasun larria izanda lortzen duen aurrena

Gonzalek erretinosi pigmentarioa du eta % 5eko ikusmena dauka une honetan, ia-ia itsua da guztiz, horrek ordea ez dio eragozten igerian egitea, txapelketetan parte hartzea edota asteburu honetan egin duenaren pareko markak egitea. Kirola bere beharretara egokituta, noski.

Martxoan EITBri kontatu zionez, igerilekuan nahiko ondo moldatzen da distantziekin eta erreferentziekin, baina, itsasoan guztiz galtzen ditu erreferentzia horiek. Horregatik, laguntzaile bat behar du, bere eskuinetara joango dena, alboan, arnasa hartzeko burua biratzen duenean ikusi eta erreferentzia horri eusteko

Halaxe egin du larunbat honetan Ibiza Blue Challenge-ek antolatutako trabesia hau ere, Iñaki Arrillaga eta Javi Juantegi Donostiako Sp3 Swim igeri-taldeko kideen laguntzarekin. Cap d'Es Falcotik (Eivissa) Punta Gavinaraino (Formentera) 14 kilometroko distantzia osatu dute hiru kirolariek 5 ordu eta 29 minututan.