San Joan gauko suak
San Joan gauerako aholku eta gomendioak
EITB Media
Urtero pizten diren suen aurrean, larrialdietako zerbitzuek, erakundeek eta suhiltzaileek hainbat aholku eta neurri partekatu dituzte.
Heldu dira jada San Joan gaueko ospakizunak, ekainaren 23ko gauean. Horregatik, sua prestatzen hasi eta erabat itzali arte, garrantzitsua da aholku eta neurri batzuk argi izatea.
Sua piztu aurretik...
Lehenik eta behin, sua egingo dela jakinarazi behar zaie udal-agintariei, udalaren baimena behar baita.
Behin baimena lortuta, funtsezkoa da ulertzea su horietan erabili beharreko material egokiena egurra dela. Horrekin batera, paperak edo oihalak erretzea saihestu behar da, material arinak baitira, haizeak eraman ditzakeenak, sute-foku posibleak sortuz.
Suhiltzaileek eta agintariek nabarmendu dutenez, oso garrantzitsua da suaren ingurua garbi mantentzea; eraikinetatik, linea elektrikoetatik eta zuhaitzetatik urrun jarri behar da sua. Suek ezin dute 4 metro baino gehiagoko material pilatuta izan.
Halaber, ohartarazi dutenez, haizete handiak espero dira; beraz, komenigarria da oso beharrezkoak ez diren suak saihestea.
Erretzean...
Ez da komeni produktu sukoiak erabiltzea sua pizteko edo mantentzeko; hala nola, gasolina edo alkohola erabiltzea ekidin behar da.
Era berean, suak irauten duen bitartean, funtsezkoa da objektu piroteknikoak, toxikoak edo sukoiak ez erabiltzea (espraiak, latak, zaborra, pneumatikoak edo plastikoak), ke toxikoa sor baitezakete. Noski, suak etengabe zaindu beharko dira.
Gainera, komeni da suak itzaltzeko materiala eskura izatea (ura, su-bateak, su-itzalgailuak) eta gehiegi ez hurbiltzea.
Erreduraren bat izanez gero, komeni da kaltetutako eremua urez garbitzea. Horrekin batera, erredura sakonak edo handiak izanez gero, 112 telefonora deitu behar da eta arreta medikoa bilatu behar da.
Sua itzaltzeko...
Sua erabat itzali behar da. Beraz, ura, harea edo lurra erabiliz, suaren edozein seinale aktibo (txingarra edo askua) itzali beharko dugu.
Suhiltzaileek ohartarazi dutenez, "sua behar bezala ez itzaltzea da larrialdi-zerbitzuek San Joan gauean izaten dituzten gertakarien arrazoi nagusietako bat".
Horrenbestez, larrialdiren bat izanez gero, "berehala harremanetan jarri" behar da SOS Deiak-ekin, 112ra deituta.