Itxi

Migrazioa

Marokoko Fiskaltzak Melillako tragediaren ikerketa artxibatu du "delitu zantzu ezagatik"

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Era berean, Fiskaltzak dio poliziak "indarraren erabilera proportzionala" egin zuela baieztatu duela. Bestalde, Espainiari gertatutakoa ikertzera derrigortzea eskatu dio Podemosek EBri.

Nador-Melilla muga. Argazkia: EFE

Marokoko Fiskaltzak artxibatu egin du Melillako tragediari buruzko ikerketa "delitu zantzurik ez dagoelako", eta poliziak "indarraren erabilera proportzionala" egin zutela egiaztatu ostean. 2022ko ekainaren 4an Espainiako mugan gertatutako ezbeharrak 23 migratzaile hil zituen. Bestalde, Podemosek Europar Batasunak Espainiari gertatutako ikertzera derrigortzea eskatu du.

Espainiako Fiskaltzak ere artxibatu egin zuen auzia, ondorio berara heldu ondoren. Muga zeharkatzeko saiakera hartan, 23 migratzaile hil ziren, gehienak sudandar jatorrikoak. Gainera, gertakarian 1 700 migratzaile inguru parte hartu zutela eta beste 70 desagertu zirela adierazi du Marokoko Giza Eskubideen Elkarteak (AMDH).

"Indar publikoen esku-hartzea erasoari eta arriskuari aurre egiteko eta ordena mantentzeko izan zela erakutsi dute ikerketek, indarraren erabili proportzionala eginez", argudiatu du Marokoko Fiskaltzak.

Podemos, Europara deika

Erabaki horren aurrean, Podemosek Europar Batasunari eskatu dio Espainiak Melillako tragedia argitzeko ikerketa bat irekitzera behartzeko.

"Gure herrialdeko mugetan gertatu diren hamaika krimenen eta, mugak kanpora ateratzearekin, deshumanizazioarekin eta giza eskubideak sistematikoki urratzen dituzten inmigrazio-, asilo- eta atzerritartasun-politikekin zerikusia duten, giza eskubideen urraketen beste gertakari bat da hau", salatu du Isa Serra Podemoseko bozeramaileak.

Horrenbestez, alderdi politikoak "eskura dituzten tresna guztiak" erabiltzea eskatu du Espainia ikertzera behartzeko, eta "zigorrik gabe ez geratzeko".

AMDH: "Maroko eta Espainia sarraski honen konplizeak dira"

Giza Eskubideen Marokoko Nador elkarteak salatu du Maroko eta Espainia "sarraski" horren "konplizeak" direla, eta ziurtatu du agintari marokoarrek ezkutatu egiten dutela hildakoen benetako kopurua.

"Maroko eta Espainia sarraskiaren, ikerketa abiatzeari uko egitearen eta giza eskubideen urraketa larrien aurrean isiltasun honen konplize dira", adierazi du sare sozialetan argitaratutako ohar batean.

Bi herrialdeek "lankidetzan jarraitzen dute eta ez dute ikerketa independente bat ireki nahi". Aldiz, "kasu hau behin betiko ixtea" bultzatzen dute, "ikerketarik egin gabe eta erantzukizunak argitu gabe". "Sarraski honi buruzko galdera askok erantzunik gabe jarraitzen dute", azpimarratu du.

AMDH-Nador elkarteak ziurtatu duenez, azken asteetan Nadorreko beilatokian bi urte zeramatzaten etorkinen gorpuak hobiratu dituzte, "erdi ezkutuan eta ez modu gardenean", Sidi Salemgo hilerrian, "polizia batzuen aurrean bakarrik".

"Agintariek eta Polizia Judizialeko kideek gutxienez bost gorpu lurperatu dituzte, Marokoko Giza Eskubideen Elkarteko eta Giza Eskubideen Kontseilu Nazionaleko ordezkaririk bertan ez zegoenean", ziurtatu du.

AMDHk Sidi Salemgo hilerrian hobiratu dituzten hildakoen "kopuru erreala " argitaratzeko eskatu du, horietako asko identifikatu gabe lurperatuta baitaude, eta desagertutakoen kopurua jakinarazteko.