Itxi

Eraso sexuala

Gasteizko lonja batean bikotekide ohia ustez bahitu eta bortxatu zuen gizonak gertakari guztiak ukatu ditu

EITB MEDIA

Astearte honetan abiatu da Arabako Probintzia Auzitegian gizonaren aurkako epaiketa. 2022ko maiatzean zazpi egunez emakumea lonja batean bahitu eta behin eta berriz bortxatzea leporatzen diote, ordurako urruntze agindua zuen gizonari, eta fiskaltzak 26 urteko kartzela zigorra eskatzen du.

Akusatua epaiketan

Arabako Probintzia Auzitegian astearte honetan abiatu da Gasteizko lonja batean 2022ko ekainean bikotekide ohia bahitu eta bortxatzeagatik akusatutako gizonaren aurkako epaiketa. Fiskaltzak 26 urteko kartzela-zigorra eskatu du akusatuarentzat, 8 delitu egotzita. Akusatuak, baina, guztia ukatu du.

Epaiketan, ordea, ezin izan du azaldu emakumeari egindako mediku azterketetan bortxaketa zantzuak agertu izana. Lekuko gisa deklaratu duen gizarte langile batek ziurtatu duenez gainera, biktimaren egoera psikologikoa oso hauskorra zen.

Biktima artatu zuten agenteek ere bertsio hori berretsi dute, eta hori guztia aintzat hartuta, fiskaltzak 26 urteko espetxealdia eskatu du behin behineko espetxean jarraitzen duen ustezko delitugileearentzat.

Delituen artean, legez kanpoko atxiloketa eta sexu-erasoa nabarmentzen dira. Izan ere, ustez, biktima bahitu eta astebetez bortxatu zuen Gasteizko alde zaharreko lokal batean.

Aurretiazko kondenak eta bikotekide ohiarekiko urruntze-agindua zuen gizonak emakumeari lonjatik irteten utzi zion, hitzordu mediko batera joateko aukera izan zezan.

Kalean, eztabaida bortitza izan zuten bikotekide ohiek eta gizonak emakumea eraso zuen. Momentu horretan, inguruan zegoen Ertzain batek gertaera ikusi eta gizona atxilotu zuen.

Albisteak (2)