Sexu abusuak
Euskal Idazleen Elkarteak Patxi Ezkiagaren profila kendu du 'Gugan Beude' ohorezko ataletik
EITB Media
Atal hori idazleak ohoretzeko asmoarekin sortu zen eta, Ezkiagaren biktimei sinesgarritasuna aitortuz, "ohoretza lekutik" kentzea ezinbestekoa dela uste du elkarteak.
Euskal Idazleen Elkarteak erabaki du Patxi Ezkiaga (1943-2018) idazle, itzultzaile eta Donostiako La Salle ikastetxeko irakaslearen profila Gugan Beude ataletik kentzea.
Atal hori idazleak ohoretzeko asmoarekin sortu zen. EIEk webgunean argitara eman duen agiri batean azaldu duenez, "modu sistematikoan eta urte luzez inpunitate osoz sexu-abusuak egindako pertsona batek ez du ohorezko lekurik merezi".
EIEren zuzendaritzaren aburuz, azken asteotan egin diren sexu-abusu salaketek eta "irakurri eta entzun ditugun lekukotasunek ohorerako lekurik ez dute utzi". Modu honetara, biktima horiei "babes osoa emateko" eta "sinesgarritasun osoa aitortzen diegunez gero", Ezkiagaren profila "ohoretza lekutik kentzea ezinbestekoa" dela iritzi diote.
Agirian bertan aitortu dutenez, Zuzendaritza batzordeko kideak gaiari bueltaka ibili dira sexu-abusuen berri izan zutenetik eta "horrelako egoeren aurrean jarrera irmoa mantentzea" garrantzitsua iruditu zaie.