Itxi

INDARKERIA MATXISTA

Lehen ikerketek Urruñan desagertutako emakumearen senarra, jendarme ohia, jotzen dute susmagarri nagusitzat

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Senarra behin-behineko espetxealdian dago, eta hainbat arma zituen etxean. Arma horietako batzuk ezin izan dira miaketetan topatu, eta, haren izaerak, "hotza, isila eta enpatiarik gabekoa" ikertzaileen susmoak areagotzen ditu.

Jerôme Bourrier Baionako Fiskaltzaren agerraldia. Artxiboko argazkia: EITB Media

Urruñan (Lapurdi) desagertutako emakumearen senarra, jendarme ohia, jotzen dute susmagarri nagusitzat lehen zantzuek. Ikertzaileek "froga sendoak" dituzte haren senarra dolozko hilketa baten ustezko egiletzat jotzeko, Jérome Bourrier Baionako fiskalak ostegun honetan azaldu duenez kazetarien aurrean egindako agerraldian. Sud Ouest hedabideak jakitera eman duenez, bikotea banantze-prozesuan zegoen, eta horrek ikertzaileen susmoak areagotzen ditu.

Fiskaltzaren arabera, "Laure Zacchello hilda dagoela iradokitzen duten froga sendoak ditugu". Senarra behin-behineko espetxealdian dago, eta hainbat arma zituen etxean. Arma horietako batzuk ezin izan dira miaketetan topatu, eta haren izaerak, "hotza, isila eta  enpatiarik gabekoa", ikertzaileen susmoak areagotzen ditu. Gainera, orain arte ez du emakumearekiko kezkarik adierazi entzunaldietan.

Zacchello ekainaren 21ean desagertu zen. Arratsalde hartan, susmagarriaren arreba harekin kontaktuan jartzen saiatu zen, alferrik, eta, ondorioz, haren etxera joan zen. Gizona konorterik gabe topatu zuen, ahoz behera etzanda eta garondoan zauri bat zuela. Ikertzaileek, ordea, ez zuten lapurreta-seinalerik atzeman, eta emakumearen poltsa, telefonoa eta ibilgailua etxean aurkitu zituzten.

Ikertzaileek lapurreta baztertzen dute, baita bahiketa edo borondatezko desagertze baten hipotesia ere. Gainera, gizonaren lesioek norberak bere buruari eragindako eraso bati erantzun diezaiokete. Miaketan, gainera, Zacchelloren idatzi batzuk aurkitu dituzte, otsailaren 7an izandako indarkeriazko eztabaida bat aipatzen dutenak. 

Poliziak dei egin die herritarrei emakume hori bilatzen laguntzeko, bai eta non dagoen jakiteko lagungarri izan daitekeen edozein pista edo informazio emateko ere.

Albisteak (1)