Itxi

Trafikoa

AP8 errepideak itxita jarraituko du Usurbilen, ingurua egonkortzen eta garbitzen duten bitartean

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Datozen orduotan itxita jarraituko du errepideak. Hori dela eta, trafikoa GI-20 errepidetik desbideratzen ari dira.

AP8 errepidea itxi dute Usurbilen luizi batengatik. Argazkia: EFE

AP8 errepidea itxi dute behin-behinean, Usurbilen (Gipuzkoa), Irungo noranzkoan, luizi baten ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Lur-jausia 06:30ean izan da, eta suhiltzaileak eta teknikariak lekura hurbildu dira, nondik norakoak aztertzeko eta neurri zehatzak hartzeko. Segurtasun Sailak azaldu duenez, ez da inor zauritu, baina, une honetan, trafikoa GI-20 errepidetik desbideratzen ari dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileak eta Bidegiko teknikariak kaltetutako lekuan dira, goizeko lehen ordutik, ingurua egonkortzeko eta garbitzeko lanak prestatzen.

Aldundiak jakitera eman duenez, lur ugari eraman du luiziak, baina teknikariek egindako lehen behaketaren arabera, egitura ez da kaltetu.

Datozen orduotan ingurua egonkortzen eta garbitzen jarraituko dute, eta errepidea itxita jarraituko du lan horiek amaitu arte.

Horrez gain, 10:00ak aldera, kamioi batek artaziarena egin du N1 errepidean, Irura parean, Gasteizko noranzkoan. Kamioi horren gidaria Donostiako Ospitalera eraman dute, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Zehazki, N1 errepideko 438. kilometroan jazo da istripua, eta 2,5 kilometroko auto-ilarak sortu dira inguruan.

Goizeko lehen orduan ere, 08:00ak aldera, istripu bat izan da Bizkaian, BI-631 errepidean, Mungian, Bermeorako norabidean. Auto bat galtzadatik irten eta irauli egin da. Pertsona bat zauritu da eta Gurutzetako Ospitalera eraman dute.