Tasak
Martxan da jada A-8, BI-10, N-636 eta BI-30 errepideak erabiltzen dituzten merkantzia-kamioientzako bidesaria
Agentziak | Erredakzioa
Ordainketa-sistema honen helburua "garraio-sare berdeagoa eta eraginkorragoa sustatzea" da, aukera ematen baitu "eskualdeko errepideetako zirkulazio astuna ahalmen handiko korridore eta bideetara eramateko".
Astelehen honetan, uztailak 1, martxan jarri da Bizkaiko A-8, BI-10, N-636 eta BI-30 errepideak erabiltzen dituzten 3,5 tonatik gorako merkantzia-kamioientzako bidesaria.
Aurreneko fasea 2023an egin zen BI-625 eta N-240 errepideetan, eta, bertan, bidesari-arkuen bidezko ordainketa-sistema jarri zen martxan. Orain, sistema hori bide-sare osoan hedatu da.
Carlos Alzaga Bizkaiko Lurralde Garapen eta Azpiegituretarako foru diputatuak azaldu duenez, "ordainketa-sistema honen helburua garraio-sare berdeagoa eta eraginkorragoa sustatzea da", aukera ematen baitu "eskualdeko errepideetako zirkulazio astuna ahalmen handiko korridore eta bideetara eramateko, eta, hala, udalerrien hiriguneetan ibilgailu astunen joan-etorriak murrizteko".
Gainera, Alzagak dio kaltetutako sektoreak laguntza-plan bat lortuko duela, eta, horren bidez, floten modernizazioa eta lehiakortasuna sustatzeko diru-laguntzak eta deskontuak jasoko dituela. 948 garraiolari erregistratu dira deskontuak lortzeko plan horretan, eta 365.000 eurora iritsi da horien batura 2023ko urtarriletik 2024ra.
Bestalde, flota berritzeko programak 200 eskaera baino gehiago izan ditu; beraz, Carlos Alzagak aurreikusten du 1,5 milioi euroko hasierako aurrekontua agortu egingo dela.