Itxi

EPAIKETA

13 urte eskatu dituzte desgaitasuna duen emakume bati sexu erasoa egitea egotzita epaitu duten gizonarentzat

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Gertakariak 2921ean izan ziren, Gasteizen. Antza, 60 urtetik gora zituen gizona eta 34 urteko emakumea, bere bikotekidearen alaba, etxean bakarrik geratzen zirenean gertatu ziren erasook. Akusatuak gertatutakoa ukatu du eta biktimarekin inolako harreman sexualik izan ez zuela adierazi du epaiketan.

Arabako Auzitegiak gizon bat epaitu du asteazken honetan, Gasteizen adimen urritasuna duen emakume bati, bere bikotekidearen alabari, etengabe sexu-erasoa egitea egotzita. Fiskaltzak 13 urte eta 8 hilabeteko kartzela-zigorra eskatu du gizonarentzat.

Gertakariak 2021eko urrian izan ziren. Akusatuaren eta lekukoen deklarazioaren arabera, 60 urte inguruko gizona eta 34 urteko emakumea bakarrik geratzen ziren etxean biktimaren ama eta akusatuaren bikotekidea goizeko 5etan lanera joaten zenetik neska 9:00etan zentro okupazional batean sartzen zen arte.

Biktimaren deklarazioaren arabera, bakarrik geratu zenean egin zion sexu-erasoa akusatuak. Biktimaren esanetan, onartzen ez bazuen, jotzearekin mehatxatzen zuen, baina zehazki ez du gogoratu zenbat aldiz gertatu ziren sexu-eraso horiek.

Zentro okupazionaleko arduradun batekin erosketak egiten ari zela irten zen argitara gertatutakoa; izan ere, denda batean, bularretakoa jantzi ezinik zebila eta, begiraleak nork janzten zion galdegin zion eta honek akusatuaz hitz egin zion, eta ez zitzaiola gustatzen erantzun zion.

Begiraleak egoeraren berri eman zion berehala zentroari, eta arduradunak emakumearekin bildu ondotik, amari deitu zioten bertaratzeko eskatuz. Ez zen joan zentrora, baina hurrengo egunean, amak zuzenean gaiaz galdetu zion alabari, eta alabak gertatutakoa kontatu zion. Gizonezkoak emazteari esan zion nola sinets zezakeen halakorik, baina goiz hartan bertan etxetik aldegin zuen gizonak.

Biktima joaten zen zentroko lekukoek eta perituek nabarmendu dutenez, biktimak gertakarien kontaketari eutsi zion, nahiz eta batzuetan bertsioak zertxobait aldatu. Medikuek azaldu dutenez, biktimak pairatzen duen adimen-urritasunak sexu-harreman bat izateko askasunari eragiten dio.

Akusatuak gertatutakoa ukatu du eta biktimarekin inolako harreman sexualik izan ez zuela adierazi du.

Fiskaltzak 13 urte eta 8 hilabeteko espetxe-zigorra eskatu du, sexu-eraso delitu jarraitua eta bizikidetza eta desgaitasuna astungarria egotzita. Akusazio partikularrak 15 urtera igo du eskaera, eta defentsak, berriz, absoluzio askea eskatu du, biktimaren testigantza beste frogarik ez dagoela eta adimen-urritasunak baldintzatuta dagoela iritzita.

Albisteak (1)