NAFARROA
Droga trafikoan aritzen zen sare bat desegin eta bi pertsona atxilotu dituzte Erriberan
Agentziak | EITB Media
Sei atxilotuetako bi espetxean sartu dituzte Tuterako Instrukzio Auzitegiko epailearen aurretik igaro ondoren. Halaber, egindako miaketetan 28 kilo speed antzeman dituzte, besteak beste.
Droga sare bat desegin dute Nafarroako Erriberan eta sei pertsona atxilotu dituzte, Foruzaingoak eta Guardia Zibilak elkarlanean egin duten droga trafikoaren kontrako operazioan. Sei atxilotuetako bi espetxean sartzea agindu du Tuterako 5. Instrukzio Auzitegiko epaileak eta sumarioa sekretupean jarri du. Halaber, egindako miaketetan 28 kilo speed antzeman dituzte, besteak beste.
Foruzaingoak eta Nafarroako Guardia Zibilak elkarlanean aritu dira bost hilabete iraun duen "brújula-sukaldea" operazioa aurrera eramateko, bi polizia erakundeek ohar banatan jakinarazi dutenez.
Sei atxilotuei droga trafikoa eta talde kriminaleko kide izatea leporatzen diete, eta horietako bi (Fustiñanako 58 urteko gizon bat eta 43 urteko Corteseko gizon bat) espetxean sartu dituzte.
Halaber, Cortesen, Ribaforadan eta Fustiñanan egindako miaketetan hainbat droga atzeman dituzte: 28 kilo speed, 2.600 gramo kafeina, 1.500 gramo MDMA pastilla, 923 gramo ketamina, 600 gramo marihuana eta 170 gramo haxix.
Ikerketa otsailean hasi zen, Foruzaingoa ohartu zenean atxilotuetako bi droga trafikoan aritzen zen talde kriminal bateko kideak zirela eta materiala Erriberako, Aragoiko eta Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat herritan zabaltzen zutela.