2024KO SANFERMINAK
Urduritasun handiko orduak Iruñean, txupinazoaren atariko
A. S. | EITB MEDIA
12:00ak jo orduko mundu osoko milioika begi begira izango dituzte Duguna dantza taldeko kideek, beraien ardura izango baita txupinazoa jaurti eta 2024ko sanferminei hasiera ematea.
Ordu gutxi falta dira Iruñean txupinazorako. Urduritasun handiko uneak dira hauek iruindar askorentzat, baina bereziki Duguna dantza taldekoentzat. Ordulariaren orratzak 12:00ak jo orduko, mundu osoko milioika begi begira izango dituzte, beraiena baita ardura eta ohorerik handiena: txupinazoa jaurti eta 2024ko sanferminei hasiera ematea.
Beti izan dira San Fermin jaietako protagonista, baina aurten are gehiago izango dira, eta pozik daude, eurek esan duten moduan, ''aurten Udaletxe plaza dantzan" ikusiko dutelako, "kontrako perspektiban''.
Eguraldi freskoa iragarri dute, eta euri mehatxua ere bada. Nolanahi ere, hori ez da kezka eta oztopo iturri izango Udaletxe plazara joaten den ororentzat, festarako gogoz egongo baitira. Bertan izaterik ez duenak, berriz, suziriaren eztanda zuzenean ikusteko parada izango du, EITB 2024ko txupinazoa zuzenean eskainiko baita ETB1en eta eitb.eus atarian, 11:15ean hasita.
Dantzariek "Gora San Fermin" oihukatu eta txupinazoa Iruñeko zeruan lehertzearekin batera jantziko dute zapi gorria Udaletxe plazan daudenek, eta bederatzi egun iraungo duen jai handia lehertuko da orduan.
Era guztietako ehunka ekitaldi antolatu dituzte. Goizetan, entzierroak Iruñeko kaleak zeharkatuko ditu, eta EITBn zuzenean ikusi ahalko dira; arratsaldeetan, zezenketak eta pilota-partidak izango dira, eta gauetan Gaztelu Plaza eta Foruen Plaza musikaz jantziko dira eta ohiko su artifizialez gozatu ahalko da.
Hamaika irudi bitxi ikusiko dira egunotan Iruñean, eta sanferminetako beste protagonistetako batzuk ere ez dira faltako egunotan, Iruñeko peñak, jaien bihotza, tartean.
Sanferminetako ekitaldi ospetsu eta jendetsuenetakoak entzierroak dira, baina baita arriskutsuenak ere. Bertan parte hartu nahi duen orok zuhurtziaz jokatu eta hainbat aholku kontuan izan beharko ditu. Entzierroan parte hartu nahi ez duenak, berriz, goizero entzierroak zuzenean ikusteko aukera izango du EITB1en eta eitb.eus atarian.
Sexu-indarkeriari aurre egiteko, beste behin, Gazteluko plaza sentsibilizazioaren epizentro izango da berriro, eta biktimak artatzeko hamar profesional txandaka arituko dira eguneko 24 orduetan zehar.
Gainera, aurten, lehenengoz, jasangarritasunaren alde, Sanferminetako karbono-aztarna neurtuko du Iruñeak, ingurumenaren gaineko eragina murrizteko.