Asilo eskatzailea
Loiun harrapatuta dagoen sahararra asteburuan deportatuko dute Marokora
EITB Media
Auzitegi Nazionalak errefusatu egin du kautelazko neurriak hartzea, gazte sahararrak asiloa ukatzearen aurka jarri zuen errekurtsoaren aurrean, eta datozen orduotan deportatuko dute. Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak deportazioa saihesteko abokatuek egin duten eskaera babestu du.
Ekainaren 23tik Bilboko Aireportuko ez onartuen eremuan dagoen 20 urteko gizon sahararrak bertan jarraitzen du, komandanteak hegazkinera igotzea galarazi ostean, baina azkenean asteburuan eramango dute Marokora. Poliziaren iturriek EITB Mediari esan diotenez, beste saiakera bat egingo dute larunbat honetan, eta horrek kale egingo balu, hirugarren bat igandean.
Hasiera batean, Air Arabia konpainiaren hegaldia berarekin abiatu behar zen Loiutik arratsaldeko hiruretan, baina azkenean ez da horrela izan.
Hegaldiak ez lituzkeela segurtasun bermeak beteko iritzita hartu du komandanteak gaurko hegaldian sartzen ez uzteko erabakia, eta asteburura atzeratu dute deportazioa. Espainiako Poliziaren esku jarraitzen du, eta bertatik jakinarazi dutenez, gazteak ez lioke "oztoporik" jarriko Air Arabiaren beste hegaldi batean, larunbatean, bidaiatzeari. Bestela, igandean egingo luke Vueling konpainiaren hegaldi batean.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan Javier Galparsoro Zehar-Errefuxiatuekin gobernuz kanpoko erakundeko presidenteak adierazi duenez, asteazkenetik gose greban dagoen gizona ospitalera eraman dute ostiral goizaldean, ondoezik.
Polizia Nazionalak EITB Mediari emandako azalpenen arabera, ospitalera eraman dute osasun probak egitera, baina ez dute ospitaleratu. Iturri horren arabera, atzo 23:20 aldera ospitale batera eraman zuten, baina "ezer larririk ez" zuela egiaztatu ondoren, Bilboko Aireportuko ez onartuen eremura eraman dute berriro, 02:00etan.
Atzo Auzitegi Nazionalak errefusatu egin zuen kautelazko neurriak hartzea, gazte sahararrak asiloa ukatzearen aurka jarri zuen errekurtsoaren aurrean. Hori dela eta, asilo eskatzailea datozen orduotan deportatuko dute, Bilboko Aireportutik Tangerrera 15:00etan atera den hegaldiko komandanteak hegazkinera igotzea galarazi ondoren.
Marokon kartzelan sartuko duten beldur da, jazarritako ekintzaile politikoa dela ziurtatu baitu.
San Joan bezperan iritsi zen saharar ekintzailea Bilboko Aireportura, eta ez onartuen eremuan dute ordutik, Espainiako Gobernuak ez baitzuen onartu hark egindako asilo eskaera.
Sahararraren deportazioa saihesteko eskaera babestu du Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak
Zehar-Errefuxiatuekin gobernuz kanpoko erakundeak babestu egiten du ekintzaile sahararraren abokatuek Espainiako Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzaren aurrean aurkeztu duten eskaera, gaztearen deportazioa saihesteko.
Erakundea "kezkatuta" agertu da gaztearen osasun egoeragatik, eta harekin zuen zuzeneko harremana eten egin dela baieztatu du.
Javier Galparsoro Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko presidentea gazte sahararraren abokatuei laguntza eskaintzen ari da EAEra iritsi zenetik.