Bizkaia
Sei adingabe aurkitu dituzte Barakaldoko industria-pabiloi batean, osasun baldintza eskasetan
Agentziak | EITB Media
Bi eraikinetan instalazio elektrikoaren egoera egiaztatzeko Burtzeñan egindako operazio batean topatu dituzte adingabeak. Bizkaiko Foru Aldundiak bere ardurapean hartu ditu horietako lau.
Barakaldoko Udaltzaingoak sei adingabe aurkitu ditu gaur Burtzeña auzoko industria-pabiloi batean. Pabiloia "osasun baldintza eskasetan" dago, eta ez dago gaituta etxebizitza gisa erabiltzeko, Angel Madrazo Herritarren Segurtasunerako eta Babes Zibileko arduradunak jakinarazi duenez.
Gaur goizean Burtzeñan egindako operazio batean topatu dituzte adingabeak, bi eraikinetan instalazio elektrikoaren egoera egiaztatzen ari zirela.
Adingabeak aurkitutakoan, gizarte-zerbitzuen esku-hartzea eskatu dute, "abandonaturik" egon zitezkeelakoan, eta Bizkaiko Foru Aldundiak bere ardurapean hartu ditu horietako lau.
Irailak 8 kaleko etxebizitza baten eta aldameneko pabiloi baten instalazio elektrikoan izandako arazo baten ondorioz abiatu dute operazioa, bizilagunek Udaltzaingoari jakinarazi ostean eraikinen barruan izan zen txinpartaren baten eraginez suteren bat sortu zela.
Auzokoentzat "oso arriskutsua" izan zitekeen; izan ere, eraikina 1912koa da, zurezko egitura du eta abandonatuta dago. Udalak gogorarazi duenez, "duela urte batzuk sute bat izan zen Zorrotzatik gertu dagoen eraikin batean, Bilbon, eta pertsona batzuentzat ondorio larriak izan zituen".
Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren patruila batzuekin lagunduta, Iberdrolako teknikariek ingurua aztertu dute, eta argindarra legez kanpo eskuratzeko konexioak atzeman dituzte.
Hori dela eta, argindarra moztu dute bi eraikinetan, eta udal-zerbitzuek etxebizitzaren eta pabiloiaren kanpoko kable guztiak kendu dituzte, "hornidura modu irregularrean lor ez dezaten".
Hori egiten ari ziren bitartean, Udaltzaingoak etxebizitzan eta pabiloian bizi ziren pertsonak identifikatu ditu, adingabeak tartean.