Itxi

Asilo eskatzailea

Loiun atxikitako gazte sahararra aske geratu da goizaldean

EITB Media

Leer en Castellano

Zehar-Errefuxiatuekin gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi du Bilboko guardiako epailearen agindu bati esker izan dela, ez baitu onartu beste 48 orduz atxikita izateko eskaria. GKEak salatu du "negargarria" izan dela Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzaren erantzuna.

Ekintzaile sahararra libre geratu den unea. Argazkia: Nayua Jatri Aduh

Ekainaren 23tik Loiuko aireportuan sarrera eskakizunak ez betetzeagatik atxikita zegoen gazte sahararra aske geratu da gaur goizaldean, Bilboko guardiako epailearen aginduz, ez baitu onartu beste 48 orduz atxikita izateko eskaria, Zehar-Errefuxiatuekin gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi duenez. GKEak salatu du "negargarria" izan dela Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzaren erantzuna.

Libre geratu dela baieztatu du Nayua Jatri Aduh arrazismoaren aurkako Bizkaiko mugimenduko ekintzaileak, eta lagun baten etxean dagoela gehitu du.

Orain, sarrera eskuratzeko prozesua jarri dute abian ekintzaile sahararraren abokatuek, arrazoi humanitarioak argudiatuta, eta Sira Abed Rego Espainiako Gaztedia eta Haurtzaro ministroak babesa agertu dio eskaerari agiri baten bidez.

Javier Galparosoro Zehar-Errefuxiatuekin GKEaren zuzendariak prentsaurrekoa eman du asilo eskatzaileari gertatutakoaren inguruko azalpenak emateko. Adierazi duenez, ostegun eguerdian sartu zuten sarrera eskaera Espainiako Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzan, eta ordu eta erdi geroago posta elektronikoz jaso zuten erantzuna, "administrazioaren eta abokatuen arteko komunikazio bide ez ofizial batetik". Ordezkariordetzaren esanetan, "ez du eskumenik". Galparsorok salatu du hori ez dela ebazpen bat, eta jokabide hori "negargarria" dela.

Ordu batzuk geroago, 19:00etan, Espainiako Poliziak gaztea beste 48 orduz atxikita izateko eskaera egin zuen, eta sahararrak berak agerraldia egin zuen epailearen aurrean. Epaileak ez zuen eskaera onartu, eta gaztea libre uzteko agindu du larunbat goizaldeko ordu biak aldera.

Dena dela, Galparsorok ohartarazi du gaztea atxilotzeko arriskuak bere horretan jarraitzen duela, aske badago ere, egoera irregularrean dagoelako.

Atzo kanporatu behar zuten gaztea Marokora zihoan hegazkin batean, baina komandanteak hegazkinera igotzea galarazi zion, segurtasun arrazoiak argudiatuta, eta Espainiako Poliziak adierazi zuen igandean deportatuko zutela, beste hegazkin batean.

Loiuko aireportuko ez onartuen eremuan zegoen, Espainiako Poliziaren zaintzapean, Espainiako Gobernuak asilo eskaera ukatu ostean.

Marokon kartzelan sartuko duten beldur da, jazarritako ekintzaile politikoa dela ziurtatu baitu. 

Zehar-Errefuxiatuekin gobernuz kanpoko erakundeak babestu egiten du ekintzaile sahararraren abokatuek Espainiako Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzaren aurrean aurkeztu duten eskaera, gaztea deportatzea saihesteko.

Albisteak (3)