Itxi

Bizkaia

Lau lagun atxilotu ditu Ertzaintzak Ortuellan, arma zuriekin eta harriekin borroka egiteagatik

EITB Media

Leer en Castellano

Bañales auzoan gertatu da istilua, ostiral arratsaldean. Ertzainak bertaratutakoan, lau lagun topatu dituzte zaurituta. Atxilotuetako bi Gurutzetako erietxera eraman behar izan dute.

Ertzaintzak 22 eta 27 urte bitarteko lau pertsona atxilotu ditu Ortuellan, arma zuriak eta harriak erabili zituzten liskar batean parte hartu izana egotzita. Atxilotuetako bi Gurutzetako Ospitalera eraman behar izan zituzten, zaurituta.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, ostiraleko 15:30ean jakinarazi zioten Ertzaintzari Ortuellako Bañales auzoan hainbat gazte borrokan ari zirela.

Patruilak bertaratutakoan, lau lagun topatu zituzten zaurituta; itxuraz, arma zuriak eta harriak erabili zituzten elkarrekin borrokatzeko. Osasun-langileek artatu zituzten zaurituak, eta inplikatuetako bi Gurutzetako Ospitalera eraman behar izan zituzten.

Azkenean, lau susmagarriak atxilotu zituzten, liskar iskanbilatsuak eta lesioak egotzita. Atxilotuak, 22 eta 27 urte bitartekoak, beharrezko polizia-eginbideak amaitutakoan utziko dituzte epailearen esku.