Emakumeen aurkako indarkeria
Iruñeko Udalak protokoloa aktibatu du sanferminetan izandako sexu-eraso batengatik
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Horrez gain, Udaleko Bozeramaileen Batzordeak erasoa gaitzesteko adierazpen instituzionala adostu du. Bestalde, lau persona atxilotu dituzte azken orduetan sexu-ukituak egiteagatik.
Igande goizaldean Iruñeko Alde Zaharrean izandako sexu-eraso bat ikertzen ari da Foruzaingoa, eta, ondorioz, Iruñeko Udalak aktibatu egin du "Sanferminetan izandako eraso sexisten aurrean herritarrek eta erakundeek erantzuteko protokoloa".
Horrez gain, Udaleko Bozeramaileen Batzordeak erasoa gaitzesteko adierazpen instituzionala adostu du.
Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, protokolo hori "emakumeenganako indarkeria mota guztiak desagerrarazteko Iruñeak duen konpromisoaren irmotasuna erakusteko sistema bat da, indarkeria horrek egiturazko desberdintasun egoera bati erantzuten baitio".
Bestalde, Joseba Asiron Iruñeko alkateak salatu egin du sanferminetako lehen egunean izandako sexu-erasoa, jaietako lehen egunean izandako gertakari "larriena" baita. Foruzaingoa auzia ikertzen ari dela berretsi du, eta ez du xehetasun gehiagorik eman.
Iruñerriko Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu du igande honetako 21:30erako Gazteluko plazan, azken eraso hori eta emakumeek oro har pairatzen dituzten egoerak eta "etengabeko erasoak" salatzeko.
Bestalde, lau gizon atxilotu dituzte Iruñean, sanferminetan izandako bi sexu-eraso egotzita, Iruñeko Udaltzaingoak, Foruzaingoak, Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak igandeko 09:30 arte zabaldutako datuen arabera. Hainbat emakumeri sexu-ukituak egitea leporatu diete atxilotuei.