Itxi

Sexu erasoa

35 urteko kartzela zigorra ezarri diote Igualadako bortxatzaileari

EITB Media

Leer en Castellano

Bartzelonako Auzitegiak 16 urteko neska bati sexu erasoa egiteagatik eta hiltzen saiatzeagatik zigortu du.

Igualadako bortxatzailea, atxiloketaren unean. Agentzietako artxiboko bideo batetik ateratako irudia

Bartzelonako Auzitegiak 35 urteko kartzela zigorra ezarri dio Igualadako bortxatzaileari, 16 urteko neska bati sexu erasoa egin eta konortea erdi galduta lurrean uzteagatik. Epaitutako gertaerak 2021eko azaroaren 1ean izan ziren Igualadako (Bartzelona) diskoteka baten kanpoaldeko industrialde batean.

Zehazki, epaimahaiak 20 urteko kartzela zigorra ezarri dio hilketa saiakera delitu batengatik eta 15 urtekoa, berriz, sexu erasoagatik. Bi kasuetan, genero diskriminazio astungarria onartu du.

Halaber, 10 urteko zaintzapeko askatasuna bete beharko du eta 332.727 euroko kalte ordaina eman beharko dio biktimari. Horrez gain, ezingo du 10 urtean biktimarengandik 1.000 metro baino gutxiagora hurbildu, eta ezingo da harekin harremanetan jarri.

Gainera, ezin izango du adin txikikoekin harremanetan egotea eskatzen duten jarduerarik edo lanbiderik egin 20 urtean.

Auzitegiak gaur jakinarazitako epaiak frogatutzat eman du —2021eko azaroaren 1ean— kondenatutako gizona atzetik hurbildu zitzaiola biktimari Igualadako diskoteka baten kanpoaldean, eta "hainbat kolpe gogor eman zizkiola buruan, hiltzeko arrisku handia zuela jakinda, eta, ondorioz, lurrera erori" zela. Ondoren, kalezulo batean sartu eta, kolpeen ondorioz konortea erdi galduta zuela baliatuta, sexu erasoa egin zion "modu basatian", gutxi gorabehera, "20 minutuz".

"Eraso bortitzaren" ondoren, biktima "lurrean etzanda, konortea erdi galduta eta odoletan" utzi zuen.

Epaiaren arabera, eragindako lesioetatik osatzeko "365 egun behar izan zituen", eta, gainera, 30 egun egin zituen ospitaleratuta eta 3 egun Zainketa Intentsiboen Unitatean. Gertaturikoak ondorio fisiko eta psikologiko larriak eragin dizkio biktimari, besteak beste, trauma osteko estresaren nahasmendua.