Sexu abusuak elizan
Elizak sexu abusuen biktimen erreparaziorako plana onartu du, Espainiako Gobernuaren kritikak gorabehera
EITB MEDIA
Kalte-ordain ekonomikoak jasotzen ditu, bereziki preskribatutako edo erasogilea hilda dagoen kasuetako biktimentzat, baina ez da elizbarruti guztiek derrigorrez bete beharreko araua. Sanchezen Gobernuak salatu duenez, nahitaezkoa da Elizan abusuak jasan dituzten biktimek parte hartzea.
Espainiako Gotzainen Batzarrak (EGB) astearte honetan onartu ditu sexu abusuen biktimen erreparaziorako planaren norabidea zehaztuko duten gidalerroak. Besteak beste, kalte-ordain ekonomikoak aurreikusten ditu biktimentzat. Espainiako Gobernuaren kritiken aurrean onartu da plana.
"Gaur goizean Gotzainen Batzarraren egoitzan ospatu den Ezohiko Osoko Bilkurak sexu abusuen biktimen erreparazio osorako planaren eta plan honen irizpideak bideratzen dituen ildoak onartu ditu", azaldu du EGBk ohar bidez.
"Elizaren sexu abusuen biktimentzat erreparazio integrala izatea nahi dute", Cesar Garcia Magan bozeramaleak aurrez esan duenez. Horretarako, kalte-ordain ekonomikoak jasotzen ditu planak, bereziki preskribatutako edo erasogilea hilda dagoen kasuetako biktimentzat, eta baita hala nahi dutenentzat laguntza tekniko, psikologiko eta espirituala ere.
Hala ere, plan hau ez da nahitaez bete beharreko araua. "Guk ez dugu orain elizbarruti guztiak, 400 erlijio-kongregazioak, behartuko dituen dekreturik sinatzen; aitzitik, bat egiteko irizpideak ezartzen ditugu, erreparazioa behar dutela pentsa dezaketen pertsona horiek, lehenik eta behin, elizbarruti edo erlijio-kongregazio bakoitzera joan daitezen", argitu du EGBk.
Gotzainen Batzarrak joan den astean iragarritako plana Felix Bolaños Presidentzia, Justizia eta Gorteekiko Harremanetarako ministroak eta biktimen hainbat elkartetako ordezkariek bilera egin eta biharamunean onartu da. Bilera horretan, Bolañosek ziurtatu zuen Espainiako Gobernuak EGBri eskatuko diola biktimen parte-hartzea izango duen erreparazio-sistema bat negoziatzea, loteslea izango dena eta erakunde horren konturako kalte-ordainak ordainduko dituena.
Pilar Alegriak berretsi egin ditu Bolañosen hitzak
Planaren xehetasunak ezagutu aurretik, Espainiako Gobernuko bozeramaile Pilar Alegria Espainiako gobernu-bozeramaleak kritiko hitz egin du eta nabarmendu du nahitaezkoa dela erreparazio sistema egoki bat izateko Elizan abusuak jasan dituzten biktimek parte hartzea.
Herri Defendatzailearen gomendioak jasotzea derrigorrezkoa, ezinbesteskoa dela esan du Alegriak, eta baita erreparazio-plana zehazterakoan biktimen euren parte-hartzea ere. Gotzainen plana aldebakarrez egindakoa dela uste du Espainiako gobernuak.
Luis Argüello EGBko presidenteak aurrera atera duten plana defendatu du baina "aldebakartasuna" onartu du. "Gure erabaki hartze librea da. Ez dio betebehar juridiko bati erantzuten, moralari baizik", esan du eta "bide juridikoak itxita daudenean" erabiltzeko bidea zabaldu dutela gaineratu du. Elizaren funtzionatzeko moduari "errespetua izateko" eskatu dio gizarteari eta erakundeei. Amaitzeko, Gobernuari gogorarazi dio bere erantzukizuna "biktima guztiengan" pentsatzea dela, eta ez Elizaren biktimengan bakarrik.